Artzai Gazta elkartearen eskutik, XXXIX. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa izango da bihar Idiazabalgo herrian, eta era berean, IX. Baserritarren Eguna, 2012. urtetik ospatu eta Gaztaren Mamia proiektuaren baitan kokatzen dena. “Idiazabalek baserritarren jarduna behar beharrezkoa duela konbentzituta, eta herritarrak konbentzitzeko asmoz sortu genuen Baserritarren Eguna dena”, azaldu du idatzi baten bitartez Idiazabalgo Izal Bai udal taldeak.
Ospakizunaren bueltan, Izal Bai-k Baserritarren Egunaren, eta orokorrean Gaztaren Mamia proiektuaren, esentzia galdu eta helburuak betetzen ez direla saltu du. “Ospakizunez haratago baserritarren jarduna ikusarazi, zabalkundea eman eta bere egunerokoan aktiboki laguntzen hasi ginen. Elkarrekin jardun genuen. Baserritarrak eta udala eskutik emanda joan ginen pausoak ematen, bestela ez zuen zentzurik. Elkarlan horrek fruitu tangibleak eman zituen, inguruko eta ez hain inguruko herrien interesa pizteraino, eta horrek ilusioa ekarri zien herriko baserritarrei, giro ona, elkarlana eta beraien arteko kohesioa eraginez”, dio. “Bada hori dena gainbehera doa. Tristuraz ikusten dugu nola udalaren eskuhartze zuzenaren erruz baserritarren kohesioa, ilusioa eta lehengo elkarlana ez dagoen bere momentu hoberenean”, adierazi du Idiazabalgo udal taldeak.
Idatziaren ondorengo lerroetan, baserritarren “etsipena” azpimarratzen da: “Egun hauetan hainbat baserritarrekin izan ditugun elkarrizketetan nabaritzen ditugu, haserrea, etsipena, eta tristura. Nahi eta ezina. Baina Baserritarren elkartean ez dute etsi”.
Izal Bai-k argi du egoerararen konplexutasuna Udalaren errua dela: “Hau ez da zerutik etorri den egoera bat, hau ez da Asiatik etorri zaigun birus batengatik, hau udalean hartzen diren erabakien eta egiten diren (edo egiten ez diren) gauzen ondorioa da. Eta arduradun zuzena dute”.
Idatziaren azken hitzek horrela diote: “Mamia behar, gazta izango bada, eta hori ez dezagula idiazabaldarrok ahaztu”.