Hiriko zenbait bidegorri zati hobetzeko eta zoladura berritzeko proiektua onartu du Irungo Udalak, aurtengo aurrekontu parte-hartzaileetako proposamen baten ondorioz, boto ugari jaso zituenez hautatua izan baitzen. Proiektua lizitazio-fasean dago, bi hilabeteko epean egingo da esleitzen denetik, eta 129.909 euroko aurrekontua dauka.

Proposamenaren arabera, hiriko bidegorriak aztertu dira, zoladuraren egoera zein den ikusteko eta antolamendu hoberako aukerarik ba ote dagoen baloratzeko. Horrela, egoera txarrean dauden bidegorrien zoladura berrituko da, eta trazadura hobetu daitekeela ikusi denetan, lan horiek ere egingo dira, zoladura berritzeaz gain.

“Bizikleta bidezko mugikortasunean aurrera egitea dakarten lan guztiak dira ongi etorriak”, baloratu du aste honetan Borja Olazabalek, Mugikortasun zinegotzia.

Etenik gabeko lan-ildo bat dela argitu izan nahi du udal arduradunak: “Batzuetan, bidegorri berriak egiten dira, eta beste batzuetan, adibidez, gaurkoan, daukagun sarea hobetzera bideratzen ditugu esfortzuak”.

Hobekuntzak jasotzeko hautatu diren bidegorrien zatiak hurrengoak dira: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalera doan bidegorria eta horren jarraipena, Artia kanalaren ertzetik; Alai Txoko parkeko bidegorri zatia; eta Meakako bidegorriaren zati bat.

Ildo berean, hiriko txirrindularien eskariei erantzuteko, pasa den uztailean bizikletak garbitzeko gunea ireki zela Ibarlan gogorarazi izan nahi du Olazabalek.