Bueltan dira Zumaiako Artadi auzoko samielak. Bi urte ospatu ezinik egon dira baina, aurtengoan jaietan murgilduko dira ostegun hontatik larunbateraino.

Horretarako ekitaldi andana programatu dituzte. Lehena, ostegunean, Mikel Deunaren egunean, goizeko meza izango da 11.00etan. Ordubete beranduago frontoian afizionatuen lehen mailako pilota partida jokatuko da; Ander Murua eta Unai Albeniz, Oier Larrañaga eta Iñigo Erle bikoteen aurka arituko dira.

13.00ean Txakoli dastaketa egingo dute eta bertan egongo dira Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak eta Ansorregi eta Larrañaga auzoa alaitzen. Osteguneko azken ekitaldia bertsolarien bigarren saioa izango da 17.30ean. Lehen aipatutako bertsolariak eta trikitilariak egongo dira bertan.

Ostiralean ekitaldi bakarra egongo da: bertso afaria, hain zuzen ere. 21.00etan hasiko da eta bertsotan arituko dira Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin.

Esan bezala, larunbatean amaituko dira Artadiko Samielak. Goizeko 11.30ean hasiko dira eguneko ekitaldiak eta lehena haur eta gaztetxoen-tzat jolasak izango dira. Eguerdian puzgarriak egongo dira eta Izer eta Alabier trikitilariak egongo dira jai giroa sortzen.

14.00etan auzoko eta elkarteko jubilatuen bazkaria ospatuko dute eta 16.30ean zezenak eta pottokak egongo dira Arnoren eskutik. Ordubete beranduago puzgarriak egongo dira eta 19.00etan Sagardo dastaketa Izer eta Alabierrekin.