Artiz 24ren parean espaloia etxearen aldera zabalduko da aparkalekurik galdu ez dadin. Gainera, Zumarragako Udalak azpiegiturak eta farolak berrituko ditu. Bestalde, Artiz 24ko eskailerak berritu egingo dira eta baranda berriak jarriko dira.

Julian tabernaren parean, berriz, espaloi berria egingo da. Errepidea baino altuago egongo da. Errepidearen beste aldeko espaloia ere berritu egingo dute. Bi aldeetako espaloiek bi metroko zabalera izango dute, gutxienez. Bestalde, eremu osoan zuhaixkak eta lorak landatuko dira, ingurua atseginagoa egiteko. Errepidea ere berritu egingo da.

Plan Orokorra

Zumarragako hirigintzarekin lotuta, Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria egiten ari da. Egun, aurrerapen dokumentua prestatzen ari da eta bertan hiri eredua definituko da. Udalak herritarren iritzia jaso nahi du eta horretarako bi bilera antolatu ditu.

Bilera horiek irailaren 27an eta urriaren 6an izango dira, Zelai Arizti kultur etxeko beheko solairuko erakusketa aretoan. Bi bilerak 18.00etan hasiko dira eta bi orduko iraupena izango dute.

Lehenengo bileran, mugikortasuna eta azpiegiturak, espazio publikoa, ekipamenduak eta paisaia eta landa eremuak aztertuko dituzte. Bigarren bileran, etxebizitzaren gaia, herriko jarduera ekonomikoa eta hirigintza garapena landuko dira.

Bilera horien aurretik beste ba-tzuk egin dira, herriko hainbat talderekin: ikastetxeetako ordezkariekin, guraso elkarteekin eta adinekoekin.

Egitasmoaren berri zabalagoa izateko eta orain arte egindako lana zein izan den jakiteko, zumarragaplanorokorra.eus webgunera jo daiteke. – A.Z.