Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak ostegunean Mutiozabal ontziolan datozen lau urteetan garatuko den proiektua aurkeztu zuten. Anuska Esnal, Orioko alkatea, Xabi Agote, Albaolako zuzendaria, eta Eider Arruti, Mutiozabalgo ekimeneko kidea hurbildu ziren bertara.

2003an itxi zuten guztiz ontziola. Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen 2018an eta Orioko Udalak 2019an erosi zuen eraikina eta gaur arte, biziberritzeko lanetan ibili dira eta herritarrentzat ere zabalik egongo da.

Agotek proiektuaren hastapenak kontatu zituen: “Jesus Mari Peronak Mutiozabalgo plano originalak aurkitu zituen, gaur egun alor honetan ezagutzen den plano-bildumarik zabalenetakoa eta Albaolak plano horietan oinarrituta, zor-tzi ontzi eraiki ditu dagoeneko. Azkena, Orion egin zuten uztailean Juanita Larando patatxa”.

Zuzendariak ere argi utzi zuen ez zutela Pasaiako Albaolan egiten duten lan berbera Orion egin nahi. Hango ekimenarekin bateragarria izango den zerbait garatu nahi dute. “Biziberritzea ezin da egin belaunaldi berriak inplikatu gabe. Bururatu zitzaigun haurrei begirako ontziola bat garatzea baina, ez paparezko txalupak egiteko, benetakoak baizik”, komentatu zuen Agotek. Piezak eginda eramango dituzte eta bertan muntatuko dituzte ikasleek.

Ekainean egin zuten proba pilotua Orioko bi ikastetxeekin eta arrakastatsua izan zenez, aste honetan abiatu dute ikasturtea. Azarora arte Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako LH5eko, LH6ko eta DBHko ikasleak jardungo dira bertan, astearte eta ostiraletan. Datorren urtetik aurrera Euskal Herriko ikastetxeetara zabalduko dute ekimena. Ikasleek alak eraikitzen dituzten bitartean hiru begirale egongo dira bertan. – Pedro Amundarain