Bihar herritarrekin egin beharreko bigarren eta azken foroa burutuko da kultur etxe zaharraren etorkizuna definitzeko prozesuaren baitan. Bilera kultur etxe zaharreko aretoan 18.30ean hasiko da.

Foro hauetan aurrelanketa eta diagnostikotik eratorritako gai estrategikoak landuko dira. Helburua gai horietan sakontzea eta ideia eta gidalerro nagusiak definitzea izango da.

Herritarrek kultur etxe zaharraren etorkizunean zer esan dutelako, parte-hartze foro ireki horietan adingabeen zaintza zerbitzua eskainiko da parte-hartzea errazteko. Zerbitzu hori erabili ahal izateko aurrez izena eman behar da Berdintasun sailean.

Bestalde, astigartarren iritzia jaso-tzeko galdetegi bat prestatu da(https://www.astigarraga.eus/eu/KEZ-inkesta). Alabaina, inkesta eskuz betetzeko aukera ere egongo da herritar orok bere etxean jaso duen paperezko formatuaren bidez.

Paperezko galdetegia hainbat tokitan entregatu ahalko da: udaletxeko erregistroan, Erribera kulturguneko harreran eta kultur etxe zaharreko bulegoetan. Inkesta betetzeko azken eguna hilaren 30a da.

Galdetegi horren bidez, diagnostiko bat egitea da helburua, bertan herritarren nahi eta beharrak identifikatzeko.

Gogora ekarri dutenez, Astigarragako kultur etxe zaharraren etorkizuna definitzeko prozesu parte-hartzailea maiatzean jarri zuen martxan Udalak. Iraila arte hainbat eragile eta pertsona elkarrizketatuak izan dira, tokiko errealitatea gertutik ezagutzeko, eta eraikinaren erabileraren, funtzionamenduaren eta espazioen antolaketaren gaineko lehen hausnarketa eta ekarpenak jasotzeko.

Orain, prozesua herrira zabaltzeko unea iritsi da eta parte-hartze aukera anitzak eskaintzea aurreeikusi dituzte: galdetegia eta foroak.

Prozesu honek Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Udalei herritarren parte-hartzea sustatzeko ematen dizkien dirulaguntza jaso du.

Eraikina Kontxa Etxeberriak 1904-1930 urteetan eraiki arazi zuen. Lehenengo garai hartan ikastetxea eta umezurtz-etxea izan zen. Ordutik, erabilera soziala eman zaio, eta herritarren ongizatearekin lotutako proiektuak garatu dira bertan. 2020ko irailera arte kultur etxe gisa funtzionatu zuen, Erribera kulturgunea ireki zenean. l