Debako bizilagunek eta bisitariek euskara eta euskal kultura aldarrikatzeko herrian antolatzen den Euskal Jaiaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute bihar, pandemiak eragindako etenaren ondoren lehenengoa.

Festa berotzen joateko Kolore Anitzek antolatutako Euskal Makarroi Lehiaketa (17.00etan Foruen plazan) eta Kalean Kantuz taldearen kalejira (19.00etan) izango dira gaur.

Edonola ere, 2022ko Euskal Jaia bihar ospatuko da, Deban ohitura denez, herriko eragile ezberdinen partaidetzarekin antolatutako egitarau zabal batekin.

Larunbateko jardunaldia abian jartzeko Marmitako Lehiaketa hasiko da 10.00etan plaza Zaharrean eta horren ondoren Kalez Kale taldeko txistularien eta Zubietako joaldunen kalejirak izango dira erdiguneko kaleetan zehar.

Jarraian, Gure Kai taldeko eta Musika Eskolako dantzarien emanaldia izango da Foruen Plazan (12.30ean) eta ikuskizun hori bukatu bezain pronto kaleak alaitzen jarraitzeko trikitilarien kalejira egongo da.

Hortik aurrera Zuhatza euskara elkarteak antolatzen duen eta ehunka herritar biltzen ohi dituen herri bazkaria egingo da Aldats frontoian (15.00etan).

Arratsaldean Orkresta elektrotxarangaren kalejira batekin disfrutatzeko gozatzeko parada izango da (19.00etatik aurrera) eta aurtengo Euskal Jaia borobiltzeko erromeria egongo da gauean Foruen Plazan (23.30ean hasita).

Prestatutako egitaraua musika emanaldi horrekin bukatuko bada ere, zalantzarik ez da festa giroa gau osoan zehar igarriko dela Debako erdiguneko kale eta plazetan.

Urtero bezala, Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak adin guztietako herritarrak animatu nahi ditu Euskal Jaia “baserritarrez jantzita” disfrutatzera. – Jabi Leon