Mikel Serrano alkateak, Hirutik enpresako Rikardo Intxaustik eta Operaren Lagunak elkarteko Mikel Lizarraldek Zelai Arizti aretoko udazkeneko programazioa aurkeztu dute. Aipatzekoa da Eñaut Elorrietak disko berria Zumarragan aurkeztuko duela, azaroaren 25ean.

Jon Maiak, berriz, Kantu bat gara diskoko kantak abestuko ditu abenduaren 30ean. Lehenago, urriaren 21ean, Noa&Hell Drinkers blues taldeak joko du. Kontzertu hau 20.15ean izango da. Kontzertuetako sarrerek hamar euro balio dute eta gaur jarriko dira salgai, aretoko leihatilan, makinan eta online.

Aipatzekoa da ere Coldplay taldeak urriaren 29an Argentinan egingo duen kontzertua zuzenean ikusi ahal izango dela. 16.30ean izango da. 20.00etan berriro emango dute.

Zine emanaldiei dagokienez, asteburu honetan Modelo 77 emango dute. Zineklub denboraldia datorren astean hasiko da, Elvis pelikularekin.

Urriaren 8an, 9an eta 10ean El vasco emango dute. Urriaren 10eko emanaldian Joseba Usabiaga aktoreak parte hartuko du.

Gainera, hilero gai bati lotutako pelikula bat eta dokumental bat emango dituzte. Hilaren 29an Elkanoren bidaiaren 500. urteurreneko dokumentala ikusteko aukera egongo da. Urriko pelikula ingurumenari buruzkoa izango da eta dokumentala Labordeta abeslari eta politikariari buruzkoa. Dokumental eta pelikula hauetako sarrerak hiru euro balio du. Opera emanaldiak ere egongo dira. Lehenengoa ostegun honetan izan zen.