Astelehen honetan 2022-2023 ikasturterako prestatu duten eskaintza zabala eta anitza aurkeztu zuten Errenteriako euskaltegiek, udal euskaltegiak eta Xenpelar AEK euskaltegiak.

Aurten, deialdi berezia egin nahi diete herriko bizilagun berriei. Iaz Ongi etorri! kanpaina jarri zen martxan eta aurten jarraipena eman nahi diote.

Itziar Ostolazak, Hizkuntza Politika zinegotziak, aditzera eman zuenez, duela gutxi Errenterian erroldatu direnei kanpaina honen berri ematen duen informazioa bidali diete, lau hizkuntzatan.

“Ekimen honen helburua, gure herrira etorri berriei euskararen komunitatearen partaide izateko aukera ematea da. Horrexegatik jatorrizko herritik Euskal Herrira bizitzera etorri direnek parte hartzeko aukera dute”, esan zuen.

“Gure hizkuntza, kultura eta ohiturak partekatzea ezinbestekoa da jatorri, errealitate eta adin guztietako partaidez osatutako benetako komunitatea osatzeko. Eta saio hauek ahalbideratzen dute hizkuntzak gerturatzen gaituelako”, gaineratu zuen.

Izan ere, Udalarentzat euskara kohesio sozialerako ezinbesteko tresna da. Hori bermatzeko, aurten ere, hobari eta dirulaguntza eskaintza zabala izango da.

Adibidez, langabetuek ala lanbide arteko gutxiengo soldata baino gutxiago kobratzen dutenek matrikula doan izango dute. Gainera, eskoletan ezarritako asistentzia betez gero, %80ko hobaria aplikatuko zaio ikasle orori.