Pandemiarengatik bi urtez bertan behera gelditu ondoren, Lezoko Santakrutz jaiak berriro ospatzeko garaia iritsi da. Hau guztiagatik aurtengo festak bereziak izango dira: sei egun iraungo dute, asteartetik igandera arte eta egun guzti hauetako egitaraua osatzeko 61 ekitaldi antolatu dira.

Hau guztia posible egiteko, Xanti Valek, Kultur teknikariak, aste honetan egindako aurkezpenean jakinarazi duenez, 2019tik aurrekontua %43 igo da.

Ekintzen artean, batzuk betikoak dira: alkate txikien pregoia eta txupinazoa, danborrada, baserritarren eguneko ganadu erakusketa eta idi dema, marmitako txapelketa edo desfilea adibidez.

Haurrentzat ere ekitaldi ugari antolatu dira: puzgarriak egongo dira, apar jolasak, buruhandiak…

Gainera, kontzertuak edo DJak egongo dira hilaren 13, 14, 16 eta 17an. Dantza ere izango da, bazkari ezberdinak (jubilatuen bazkaria, herri bazkaria), lehiaketa gastronomikoak eta antzerkia. Zezen suzkoa eta su artifizialak ere egongo dira bi egunetan. Beraz herritar guztiek izango dituzte sei egun hauetan bere gustuko ekintzak.

“Pandemiaren eraginez bi urteko etenaldiaren ostean, santakrutzak Lezon ospatzeko aukera egongo da aurten eta jendea desiratzen dago. Asko gozatu ditzaten espero dut. Gora Lezo!” adierazi du Jesus Mari Martiarenak, Lezoko alkateak.

Bukatzeko, jaiak harmonian, giro onean, euskaraz, ingurugiroa zain-tzen, errespetuz eta inolako eraso sexista eta genero indarkeriarik gabe ospatu daitezen eskatu du Lezoko Udalak.

Egitaraua etxez etxe banatu zaie herritarrei eta udal webgunean ere kontsultatu daiteke.