Síguenos en redes sociales:

Azkoitia: Trikiti Eguna ospatuko da lehen aldiz

Azkoitia: Trikiti Eguna ospatuko da lehen aldiz

Azkoitiko zenbait trikitizalek eta trikitilarik I Trikiti Egune antolatu dute hilaren 17rako; Trikigiro elkartearen eta Azkoitiko Udalaren ezinbesteko laguntzarekin. Soinujole eta panderojole handi askoren seaska izanik, trikitixak indar berezia du oraindik ere Azkoitian.

Hori dela eta, trikitixa gustoko duten guztiek ezinbesteko hitzordua izango dute iraileko hirugarren larunbatean Azkoitian ospatuko den festarekin. Jardunaldi horretan zehar mota askotako ekintzak izango dira eta guztietan trikitixa eta trikitixaren doinuak izan dira protagonista nagusiak.

Egitarau zabala

Azkoitiko aurreneko Trikiti Eguneko egitarauari hasiera emateko hainbat kalejira egingo dituzte, 11.30ean eta San Martin auzotik abiatuta. Horren ondoren, festan parte hartuko duten trikitilari guztiak elkartuko dira eta 13.30ean eguneko kalejira handia egingo dute, Julio Urkixo etorbidetik Herriko Plazara bitartean, hain zuzen ere. Behin plazara iritsitakoan, argazki erraldoia aterako dute guztiek.

Goizean zehar erdiguneko kaleak alaitu ondoren, musikariek eta nahi duten guztiek herri bazkari batean parte hartzeko aukera izango dute. Bazkaria 15.00etan egingo dute plazan eta bertaratzen direnek ondorengo menua dastatuko dute: Paella, txerri saiheskia, postrea, edariak, kafea eta kopa.

Trikiti Eguneko herri bazkarian parte hartu nahi dutenek hilaren 13ra arte eskuratu ahalko dute txartela, 25 eurotan, Dean, Latz eta Koxka tabernetan.

Edonola ere, trikitixaren bueltan antolatutako eguneko egitarauak arratsaldean izango du jarraipena.

Hala, Urola bailarako trikitilariak herriko plaza nagusian jarriko duten eszenatoki gainera igoko dira 18.30ean, eta erromeria txikia egingo dute trikitizaleentzat. Eguneko aurreneko erromeria izango da hori baina ez bakarra. Izan ere, Iratzar taldearen emanaldia izango da 23.00etatik aurrera plazan bertan.

Azkoitiko I Trikiti Eguna borobiltzeko trikitixari buruzko erakusketa ikusteko aukera izango da jardunaldi osoan zehar Portaleburun.

Ikusitakoa ikusita, Azkoitiak dena prest du trikitixaren inguruko bere aurreneko festa handia ospatzeko. Hilaren 17an izango da eta zaletu guztiak gonbidatuta daude.