Bi ingurumen inguruko albiste iragarri ditu Usurbilgo Udalak azken hilabeteetan; alde batetik Ingemarreko presa botako dutela, udan, Oriaren ibilgua lehengoratzeko eta bestetik, epaileak atzera bota dituela Udalak Ucin enpresari ezarritako ingurumen baldintzak.

Ingemarreko presa txikiari dagokionez, udan hau eraisteko lanak egingo dituzte. Kantabrikoko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazi duenez, presak ez du oztopatzen Oria ibaiaren jarioa, baina baldin-tzatu egiten du. Urteak direnez Ingemarren jarduera amaitu zenetik, eraistea erabaki dute, ibaiaren ibilgua lehengoratzeko helburuarekin.

Aurreikuspenen arabera, bi hilabete beharko dituzte lanak egiteko: hilabete honetatik aurrera egingo dituzte, baina ez modu jarraian, eguraldiaren eta Oriaren beraren emariaren arabera baizik.

Ingemarrek ibaiko uraz baliatzeko eraiki zuten presa txikia, bere garaian. Orain, presa erabiltzeko esleipen-epea gaindituta, eta Ingemarren jarduera behin betiko etenda, azpiegitura eraistea erabaki du Konfederazioak.

Azaldu dutenez, uraren emaria etengabekoa da eta presak ez du jauzirik eragiten, baina ingurua baldintzatzen du: errekarriak pilatu, landaredia hazi eta zaborra pilatzen da inguruan. Beraz, lanak bukatutakoan, jatorrizko egoerara itzularaziko dute ibaiaren ibilgua.

Bestalde, Udalak jakinarazi duenez, epaileak atzera bota ditu Ucini ezarritako ingurumen baldintzak, Udala bere eskumenetatik harago joan dela argudiatuta.

Udalak iazko otsailean eguneratu zion jarduera lizentzia Ucin lantegiari; lizentzia berriarekin, emisio-partikulak etengabe neurtzeko eskatu zion, Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak ezarriz.

Eusko Jaurlaritzak partikula jakin baten etengabeko neurketa exijitu zion, eta Udalak, Jaurlaritzakoak eskatutakoaz gain, beste lauren etengabeko neurketak gehitu zituen bere lizentzian. Ordura arte, Ucinek neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen.

Horren aurrean, Ucinek epaitegietara eraman zuen Udala, bere eskumenak gainditu zituela esanez, eta epaileak, hilabete honetan, arrazoia eman dio, partzialki: haren esanetan, batetik, Udalak ezin ditu Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak jarri, baina, bestetik, inspekzio gaitasuna aitortu dio Udalari. Horrekin ere ez da ados agertu lantegia, eta helegitea jarri dio bigarren zati horri. l