Datozen egunetan hasiko ditu Oiartzungo Udalak Gurutze eta Elizalde arteko bidegorria eraikitzeko lanak. Gurutze auzoa Doneztebe plazarekin lotuko du bide berri honek.

Gaur egun Gurutzetik herriko gainontzeko auzoetara oinez joateko errepide bazterretik edo Feloaga bidetik joan behar da. Orain egingo den bidegorriarekin, malda txikiagoa eta lotura segurua lortuko dira.

Bide berria Gurutzeko aparkalekutik abiatu, Malkorra hotelaren atzealdetik Fraileen bideraino joango da eta hortik Legarre kalera. Bide guztia argiztatuko du Udalak eta toki batzuetan egurrezko barandak ere jarriko ditu.

Sei hilabeteko aurreikuspena dute lanek eta 635.000 euroko inbertsioa egingo da. Lan hauek egin ahal izateko Eusko Jaurlari-tzaren laguntza lortu du Udalak.

Oiartzungo Udalak gogora ekarri duenez, bere helburua da mugikortasun eredu iraunkorra bultzatzea eta ahal den neurrian ibilgailu pribatuak alde batera utzi eta oinezko edo bizikletazko joan-etorriak sustatzea. Horregatik, azken urte hauetan bidegorri sarea hobetu eta zabaltzeko proiektu ugari egin ditu.

“Bidegorria herriaren arnasgune izatez gain, auzoen arteko komunikaziorako bidea ere bada”, azpimarratu dute.