Astigarragak amaiera eman die astearte honetan bi urte eta gero Santio jaiei Santa Ana eguneko sagardo dastaketarekin.

Zubietako joaldunak herrian barrena.

Eguerdi partean adin guztietako herritarrak biltzen hasi ziren Foru plazan, bertan zeuden sagardogile ezberdinen edariak dastatzera eta pintxoak jatera, non ilara luzeak sortu ziren gosea agertu zenean.

Egun honetan euskal giroa izaten da nagusi eta horri eutsi zioten goizean Zubietako joaldunek eta Xabier eta Joxean trikitilariek.

Sagardo eta pintxoez gain, Foru plazan burdingintzako artisauen erakustaldia eta idi-demak izan ziren. Matxain, Telleria eta Mixiyua baserrietako idi pareek 2.000 kiloko harria mugitu behar izan zuten probalekuan. Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariek ere plaza alaitu zuten.

14.30ean elkartasun bazkaria izan zen eta ondoren Andoni Ollokiegi musikariak txosnan emanaldia eskaini zuen.

Haurrek ere zer gozatuaz izan zuten, 16.00etatik 19.00etara ur parkea programatua baitzegoen ikastolako atarian.

Arratsaldean, herri kirolen erakustaldia egon zen Foru plazan Hodei Iruretagoiena eta Lierni Osa harrijasotzaileekin. Gainera, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa burutu zuten sei aizkolarik: Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo, Jesus Mª Mujika, Xabier Zaldua, Aratz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena.

Jarraian, Xabier eta Joxean trikitilarien doinuak Foru plazan hasi zirenean, Joseba Barandiaran plazan hegaluzea eta Gernikako piperrak parrillan erreta dastatzeko unea iritsi zen.

Laiotzen dantzaldia ere hasi zen Joseba Barandiaran plazan. Gauean zezen suzkoa eta Gaixua ni abestiarekin agurtzen dira jaiak hurrengo urtera arte.

Hala ere, abuztuan ere zer ospatua izango da Astigarragan. 15ean Santiagomendiko eguna izango da eta besteak beste zaldi dema ikusteko aukera izango da. 16an San Roke ospatuko dute Santiagomendiko ermitan. Azkenik, Ergobiako auzoak bere jaiak antolatu ditu abuztuaren 19tik 22ra.