Braderie eguna izan zen atzo Zumaian eta komertzioek ospatu zuten. Hau da, dendak Erribera kalera atera zituzten bezeroak gertuago izateko. Gertuk (Zumaiako merkatari eta ostalarien elkartea) antolatuta ospatu zen egun hau, eta egun osorako programa antolatu zuen giro aparta sortzeko.

Trikitilariak Braderie egunean Erribera kalea alaitzen.

Pixkanaka-pixkanaka hasi ziren bezeroak hurbiltzen Erribera kaletik zehar. Hamarretan hasten bazen ere, bazeuden kurioso batzuk lehenago postuak behatzen. Laster hasiko ziren ekitaldiak martxan. Lehena, 11.30ean izan zen. Izan ere, haurrentzako tailer bat egin zuten eta, bertan, haurrek aurpegia margotzeko aukera izan zuten. Guraso batzuei arratsalderako plana sortu zitzaien hori guztia garbitzeko.

Ordu erdi beranduago batzuk hondartzara joaten, beste batzuk pote ba-tzuk edatera joaten eta beste batzuk postuak ikusten edo erosten aurki-tzen ziren bitartean, hasi ziren trikitilariak musikaren bitartez Erribera kalea alaitzen.

Ondoren, dendari batzuek atsedenaldia hartu zuten bazkaltzera joateko eta pixka bat deskantsatzeko. Hala ere, 17.30ak arte jende gutxi hurbildu zen eguerditik aurrera.

Ordu horretan hasi baitzen Julen magoa trukoak egiten haurrei eta ez hain haurrei. Iago magoa programatuta zegoen arren, azken momentuan ezin izan zuen joan eta Julenengatik aldatu zuten. Pandemia hasi zenetik, lehen aldiz ospatu zen egun hau murrizketarik gabe. Gainera, horrela, musukorik gabe, dendarien poza nabaritzen zen aurpegietan (eguraldiak ere lagundu zuen aurpegi hori ateratzeko).

Juli Arrizabalaga Olaizola dendako nagusia da eta bere ustetan jendeari denda hurbiltzeak sekulako onurak ekartzen dizkio komertzioari.“Ematen ez duen arren bere parean jartzen dizkiozu produktuak eta nahigabe atentzioa deitzen du zer edo zerrek. Gainera larunbatari poza ematen dio horrelako egun batek, beste larunbat batzuetan ez da horrelako girorik sor-tzen eta”, aipatu zuen Arrizabalagak.

Itsaso Granadosen kasua ez da berdina, izan ere, berak denda uda hasi baino lehenago itxi zuen eta oraingoan egun honetarako aukera eman zioten zeuzkan arropak saltzeko. “Ni Gertukoa nintzen eta denda itxi nuen. Hala ere, galdetu zidaten ea nahi nuen gaurko egunean parte hartu eta soberan neuzkan gauzatxoak saltzen jartzeko. Aukera aparta ematen du honelako egun batek”, adierazi zuen Granadosek.

Lore Garciarena Gertuko teknikaria da eta horrelako egun bat nola prestatzen den azaldu zuen: “Guk eguna aukeratzen dugu, programa bat prestatzen dugu eta komertzioei apunta-tzeko aukera ematen diegu. Behin hori eginda, karpak alokatzen ditugu”

Teknikariaren balorazioa oso ona izan zen. “Goizean sekulako giroa egin du eta jende andana etorri da erosketak egitera. Komertzioak ere oso gustura ikusi ditut eta bezeroek ere dendak ezagutzeko aukera izan dute. Kanpotik etortzen direnek ere aukera izan dute Zumaiako dendak ezagutzeko”.

18.30ean hasi zen programatuta zegoen azken ekitaldia, Zumba ibiltaria. Eguna 20.00etan amaitutzat eman zen. Dendariak gauzak jasotzen geratu ziren eta bezeroak herriaz eta poteoaz gozatzen.