Aurtengo Madalenetako omenduek, Arrats eta Ekintza Bibe elkarteek, jaien iragarle den txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik 19.00etan. Orduan, Herriko Plazan, Errenteriako Musika Kultur Elkarteak El Centenario pasodoblea joko du, eta modu horretan herriko jaiei hasiera emango zaie. Zumardian pantaila erraldoia jarriko da eta herribizia.errenteria.eus helbidean zuzenean jaien hasiera ikus ahalko da.

Bi urteko itxaronaldiaren ondoren, Errenteriako Udalak aurtengo jaiak herritar guztientzat gozagarriak eta seguruak izatea nahi du. Horregatik, eraso sexistarik eta eraso LGTBIfobikorik gabeko jaien aldeko lanketa abiatuko du madalenetan. Ekimen honen bidez, herritar orok jaien testuingurua erabateko askatasunean bizi dezala ahalbidetu nahi du.

Horretarako, sentsibilizazio kanpaina berritu du eta bi zerbitzu jarriko ditu martxan. Lehenengoa 24 orduz aholkularitza eta orientazioa emango duen 650 407 858 telefonoa da. Uztailaren 21etik 31ra aktibatuta egongo da. Doakoa eta erabat konfidentziala izango da eta artatzea psikologo batek egingo du.

Bestalde, aurten, lehen aldiz, orientaziorako eta informaziorako gune presentziala jarriko du Udalak. Irekita dagoen ordutegian laguntza eskaintzea eta euskarri informatiboak banatzea izango du xede. Foru plazan kokatuko da eta bi profesional egongo dira bertan ondorengo ordutegian: uztailaren 21, 22 eta 24ean, 18.00etatik 2.00etara eta uztailaren 23an, larunbata izanik, 11.00etatik 2.00etara.

Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko ere zenbait neurri hartu dira. Honela, bi linea berri aktibatuko dira gaueko autobus zerbitzua herriko auzo guztietara bideratzeko asmoz. G1 linea orduro 23.00etatik 5.00etatik aterako da Pontika, Beraun eta Kaputxinos auzoei zerbitzua emateko. Aldiz, G2 linea, Nafarroa 75etik irtengo da, orduro ere, 23.20etik 5.20era arte, Fanderia, Lartzabal, Arragua, Agustinak eta Zamalbidetik igaroz. Ohiko geltokiez gain, erdi-bidean berariaz sortutako geltoki berriak izango dituzte bi lineek.

Azkenik, herriko igogailu guztiak martxan jarriko ditu Udalak gauez ere, herritarrei 24 ordutan mugikortasuna errazteko; bereziki, auzoen arteko bide irisgarri eta seguruak ahalbidetzeko.

Feriak

Prezio herrikoiak

Hitzarmenak

Errenteriako Udalak eta Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoak, aurten ere, hitzarmena sinatu dute Fanderiako feria eremuko baldin-tzak adosteko; tartean, atrakzio eta barrakei prezio herrikoiagoak jar-tzeko. Hau horrela, haurren bidaiak 2,20 euroko prezioa izango du eta helduen kasuan, 2,80 eurokoa.

Gainera, barrakek bi egunez prezio bereziak izango dituzte: uztailaren 23an 11.00etatik 14.00etara eta uztailaren 26an egun osoan, bidaia, 1,30 euroren truke erosi ahalko da.

Bestalde, ferialarien eta salmenta ibiltaria egiten dutenen lau urtetik gorako seme-alabentzako, halaber, ludoteka zerbitzua eskainiko du Udalak. Eta guztiek dutxa zerbitzua izango dute Galtzarabordako kiroldegian goizetan.