Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro inbertituko ditu Alkizan edateko uraren hornidura hobetzeko. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko foru diputatua eta Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako zuzendaria Alkizan izan ziren atzo lankidetza hitzarmena sinatzeko.

Aldundiak konpromisoa hartu du Alkizako hirigunea eta Sakamidra, Azaldegi eta Aldapa bailaretako etxebizitzak edateko urez horni-tzen dituen goiko biltegia birgai-tzeko. Lanen gastua ordaindu eta sarbidea egokituko ditu Aldundiak. Gainera, etorkizunean eguzki plakak instalatzeko obrei ekin ahal izango zaiela aurreikusten da.

Eraberritze lan horren helburu nagusia da gaur egun biltegiaren paretetan zehar gertatzen diren ur iragazketak konpontzea, eta, horretarako, paretei sendotasun eta erresistentzia handiagoa emango zaie. Era berean, hormen altuera goratuko da, horrela, biltegiratze ahalmena handitzeko eta hornidura instalazio jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko. Hamaika asteko iraupena izango dute lanek.

Jose Ignacio Asensio diputatuaren hitzetan, “horrelako instalazio garrantzitsu batean eraberritze lan hau egitea ezinbestekoa da inguruko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko eta hornidura seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa emateko, horrela, ura, ondasun preziatu hori, gal ez dadin”.

Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitiak “Alkizako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko Udalari eskainitako laguntza eta konpromisoa” eskertu zuen: “Obra honek Udalari lagunduko diola kalitatezko edateko uraren kontsumoa bermatzen, Alkizarrei azpiegitura hidraulikoak hobe-tzeko udal planaren testuinguruan”.

Alkizako etxeetara iristen den edateko ura Ilunbe errekaren iturburuan sortzen da, Hernio magalean. Beheko biltegian lehen biltegiratzea egiten da, eta bertan egiten da kloratze prozesua.