Santa Ana antzokiko atarian, Oñatiko erraldoien eta txorimaloen gaineko erakusketa izango da ikusgai gaurtik ostirala arte. Goizez udalekuetan parte hartzen ari diren haurrek bisitatuko dute, eta arratsaldean, aldiz, herritar guztiei egongo da zabalik, 16.00etatik 20.00etara.

“Oñatzekin jarri ginen harremanetan eta aurretik talde horretako Maite Irizarrek egindako lanari jarraipena eman diogu”, azaldu dute Udaletik. Hainbat herritarren laguntzarekin forma eman diote erakusketari, eta Iñigo Biainek diseinatu du.

Horretarako, historian sakondu dute. Oñatira erraldoiak eta txorimaloak noiz iritsi ziren zehaztea “zaila” dela adierazi dute, baina jakin badakite 1917rako bazirela herrian. Izan ere, urte hartan bidali zituzten konpontzera Vila Realera. 1924ko San Migel eta Errosario jaien egitarauan ere ageri dira.

konpartsak

Udalaren erraldoien konpartsak lau kide ditu: Oñatiko jauntxo gebaratar Iñigo eta Katalina, eta Andre Ederra eta Maurizio baserritarrak. Txorimaloak, ordea, 1984an iritsi ziren lehenak herrira. Txirrik, Mirrik eta Txiribitonek, Akerrak eta Sorginak haurrak eskutik helduta eramaten dituzte kalejiran, eta puxika eskuetan gaztetxoen atzetik ibiltzen direnak Basaurdea, Konoburu, Ipotxa, Pirata, Amona, Zezengorri, Oilarra, Pastelburu eta Txapel-urdin dira. 1984tik Oñatz dantza taldea ardura-tzen da ateratzeaz eta zaintzeaz.

Bestalde, Atzeko kaleko konpartsa bost erraldoik osatzen dute: Groucho eta Harko Marx anaiak eta Andria, Tartalo, eta Saia edo Buetra.– A.D.