Azpeitia: egun osoko festa skate park berria inauguratzeko
Joan den ekainaren 21etik aurrera erabilgarri dagoen skate park berria, Izarraizko Atea parkearen ondoan eraiki dena inauguratzeko, egun osoko festa antolatu dute larunbat honetarako elkarlanean Azpeitiko skatezaleek eta Udalak.
Jardunaldiak zehar ekintza desberdinak izango dira 303.907 euroko inbertsioarekin egokitu den eta kirol modalitate ezberdinak praktikatzeko aukera ematen duen pista berriaren bueltan, beti ere, “skate zaletasuna sustatu eta indartzeko”.
Hasteko, musikarekin girotutako haurrentzako BMX, skate, scooter eta roller ikastaroak eskainiko dira (9.00etatik 11.00etara bitartean) 1.130 metro karratuko zabalera duen pista berrian; eta horren ondoren (11.00etatik 13.00etara arte) Free session edo saio librea izango da. Bitartean, parkearen inguruan jarriko diren paneletan graffitiak egiten arituko dira.
Edonola ere, Azpeitiko skate park berria inauguratzeko prestatutako egitaraua ez da hortan geldituko eta ekintzek eguerdiko geldialdiaren ostean izango dute jarraipena, skate munduko hainbat adituren eskutik egingo den erakustaldi batekin, hain zuzen ere.
Ekitaldi hori 16.00etatik 17.00etara bitartean burutuko da eta bertaratzen direnek Sergio Layos, Ian Ponciano, Andima, Larrun Berrenetxea, Naia Laso edota Mikel Mugerza Kiwi bezalako adituen trebetasunarekin disfrutatzeko aukera izango dute.
Parrillada eta DJ-ak amaitzeko
Erakustaldiaren ondoren 20.00ak arte luzatuko den Jam Session egongo da Izarraizko Atea parkearen ondoko pistan eta 19.00etan hainbat opari zozkatuko dira jardunaldian parte hartuko dutenen artean. Festa borobiltzeko parrillada (19.30ean hasita) eta Vwaprods eta AS04 Dj-en kontzertuak izango dira.