Otietako zentralaren eraikinean Ottitta-Leitzaran izeneko enpresa sustatzen ari den ostalaritza eta jatetxe egitasmoaren inguruko eztabaidan, Eguzki talde ekologistak etsigarritzat jo du proposamena. Honenbestez, Leitzarango balioak mantentzeko helburuarekin, eskatu dute egitasmoaren hasierako onarpena atzera botatzea edo gutxienez “izoztuta” uztea.

“Etsigarria diogu osoko bilkuran ez zelako eztabaidatu horrelako egitasmo bat behar duen ingurune horrek, bere babes baldintza bereziak kontuan hartuta, edota kokalekua egokia den. Udalak horrelako gaiak nola kudeatu behar dituen eztabaidatzera zuzendu ziren alderdien hitzarte gehienak”, azaldu dute Eguzkiko kideek, eta uste dute Andoaingo Udalak “zerikusi eta zeresan handia” duela proiektu honen inguruan.

Duela urte eta erdi Tirolina eta Ferrata Bidearen egitasmoarekin gertatu zen bezala, “gaiaren muinari ez diotela heltzen” uste du taldeak: “Orduan mahai gaineratutako eztabaida estrategikoaren ardatzak baztertu eta hauek aztertzeko asmorik gabe jarraitzen dute”.

Horrela, Unanibiako zubia tirolina kokatzeko leku egokia ez zela pentsa-tzen jarraitzen dute: “Ez hark eta ez orain eskuartean dugun proiektuak ez dute helburu nagusia Leitzarango balioak mantendu edo hobetzea, biotopo izendapenaren helburu nagusia hori izanda ere; alderantziz, Lei-tzaranen babes etiketaren aitzakian, etekin ekonomiko edo politikoak lor-tzea”. Eta gaineratu dute natura ingurune bati babes izendapen bat ematen zaionean, “ingurune hori balio natural interesgarri eta bereizgarri batzuen jabe delako egiten dela”. Bide honetan, uste dute aspaldian Andoaingo Udala hartzen ari den erabakiak ez doazela norabide horretan.

Eguzkiko kideek argitu dute ez daudela jardueraren aurka, “lurraren erabilera egoki eta zehatz baten alde baizik”. Honenbestez eskatu dute Otitako zentralean aurrera eraman nahi duten egitasmoaren hasierako onarpena atzera botatzea edo gutxienez “izoztuta” uztea. Beharrezkoa ikusten dute Leitzaran Biotopo babestuaren erabilera, babes neurrien eta kudeaketarako plangintza bat gauzatzea eta plangintza horren baitan, udalerrian parke periurbanoak sor-tzeko egitasmoa barneratzea”.