Arrasate –  2019-23 legealdiaren azken urtearen atarian, Maria Ubarretxena alkateak proiektu estrategikoen garapenaren berri eman du: “arrasatearren ongizatean aurrera-pausuak ematen jarraitzen dugu eta legealdi amaierara proiektu guztiak amaituta edota bideratuta helduko gara. Hor dugu Ekobulebarra amaituta, Erguineko igogailuak erabilgarri jada, Garibaiko Eguneko Zentro berriaren obrak ere erritmo onean, Kulturola amaituta eta Juan Azarmendi Musika Etxea bidean… Arrasate bizi, atsegin, jasangarri eta garatu bat eraikitzen jarraitzeko proiektu andana dugu eskuartean” berretsi du.

Kulturola jada herriko sormenaren gune da ezta?

Bai, urte hasieran hasi ziren eraikinean eragileak sartzen eta jada erabilgarri dute guztiek. Eraikin industrial bat, bere esentzia mantenduz, erabilera berri baterako bilakatu da, kulturaren sorgune. Prozesua ez da erraza izan, eraikinaren idiosinkrasia industrial hori mantendu nahi izan baitugu. Era jasangarrian, gure ondarea zaindu eta erabilera gabeko eraikin bati bizi berri bat eman zaio, herriko kultur eragile eta Euskaltegiaren etxe bilakatuz. Kultur faktoria garrantzi-tsu eta eredugarria izango da, eta hori bertako eragileei esker lortuko dugu. Juan Arzamendi Musika Etxeak ere, gutxi barru, herriko sormenari emango dio hauspoa.

Ekobulebarra ere zabaldu berri duzue.

Arrasate herri atseginagoa bilakatzea gure ildo estrategiko garrantzitsua izan da udalaren kudeaketan, duela zazpi urte, sartu ginenetik. Horretarako, ezinbestekoa zen gure kaleetan oinezkoei lehentasuna eman eta autoen joan-etorria mugatzea. Ekobulebarra arrasatearrentzako eremu bihurtu da, paseatu, jolastu edota denbora pasa egoteko espazio atsegin eta segurua.

Santa Teresa auzoan ere, Erguin auzoko lanari jarraipena emanaz, igogailu sistema ezartzeko obra hasi da.

Auzoaren mugikortasun bertikaleko proiektuaren aukeraketa egin zen partaidetza moduan bizilagunekin. Partaidetza prozesu batean udalak aurkeztutako hiru aukeren artean, auzotarrek egin zuten Elkano, Galizia eta Santa Teresa kaleetako 3 igogailu eta 4 pasabide hartzen dituen proiektuaren alde. Obrak hasiak dira eta 2023ko bigarren seihilekoan amaituko dira. Mugikortasunean irabaziko dugu arrasatearrok eta bereziki auzotarrek, eta igogailuen erabilerak eta horiek mugikortasunerako eskaintzen duten erraztasunak autoaren erabilera murriztuko dute, eta, horren ondorioz, berotegi gasen isurketa minimizatuko dugu.

Ia herri osoa zeharka daiteke jada bidegorrien bitartez.

Bai, ia bidegorri sare osoa osatu dugu, herritarrak bizikletaz, patinetez edota bestelakoekin mugitu daitezen era seguruan eta erosoan, autoa edota motorra hartzeko beharrik gabe: Arrasate pasealekua 2015ean, Uribarriko atzealdea 2017an, Araba etorbidea 2020an, Ekobulebarra 2022an eta orain obra hasi dugu Leintzibar-Foruen kaleak batuko dituen bidegorria eraikitzeko. Aukera paregabea da herritarrek bizikleta hartu eta Arrasatez goza dezaten.

Gozamena eta kirola uztartuz, amaitu berri duzu Kirol Azpiegituren Mapa berria.

Arrasateko kirolaren etorkizunaren oinarri izango da eta herritarrekin bat definitu nahi dugu. Irailean saio irekiak egingo ditugu ondorioak herriari aurkezteko. Ezbairik gabe urte anitzeko inbertsio plana izango da, Musakola eta Iturripe kiroldegien eraberritze integrala dituena muinean, baina herriko kirol instalakuntza guztiei eragiten diena. Mapa oso bat osatu da, eta ezarritako lan-ildoak garatzeko inbertsio plana definitzea dagokigu orain. Proiektuak lehentasun osoa du eta herritarrekin bat garatzen jarraituko dugu, ausardiaz eta tinko, gure herriari etorkizun hobe bat eskainiz.