Jubilatuen Eguna ospatu zen atzo Oñatin, azken bi urteetan ezin izan denean ospatu pandemia dela eta. Parrokia izan zen aukeratutako eszenatokia eta bertan, ohiturari jarraituz, bi oñatiar izan ziren omenduak herriko jubilatu guztien ordezkari gisa: Asun Arzuaga eta Jabier Olalde Barrenzelai.

Arzuagak 91 urte ditu eta Pake Leku Jubilatuen Elkartearen Ikusi Makusi antzerki taldeko sortzaileetako bat da. Eta ez hori bakarrik, zuzendaria ere bada, eta taula gainera eramaten dituzten antzezlanak -hurrengo hitzordua uztailaren 2an izango da Santa Ana antzokian, 19.00etan- idazteaz eta moldatzeaz arduratzen da.

Olalde, berriz, 93 urteko oñatiarra da eta bere aitajaunak herrian zabaldu zuen Barrenzelai zerrategia Torreauzora eraman zuen. Oraindik negozioak zutik dirau laugarren belaunaldiaren eskuetan.

Atzoko ekitaldia egitura berriarekin antolatu zuten Pake Lekuko batzordeko kideek. Bazkariaren ordez, luntxa egin zen parrokiako klaustroan eta, bertan, 150 lagun inguru bildu ziren. Aurretik, ordea, aurreskua eta beste hainbat dantza eskaini zituzten Oñatz taldeko gaztetxoek. Bertsoekin ere gozatzeko aukera egon zen.

Txapela eta zapia jarrita, lore sorta eta erloju bana oparitu zizkieten Arzuagari eta Olalderi.