Urretxun eta Zumarraga: Oleta eta Samiñora irteera zentral eolikoaren aurka
Hautsak harrotu ditu Urretxun eta Zumarragan Irimon eta Oletan zentral eolikoak egiteko asmoak. Aste honetan gaiarekin lotutako bi ekintza egingo dira: Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak Oleta eta Samiñora irteera antolatu du iganderako eta larunbatean Urretxu-Zumarraga plataformak egitasmoaren aurkako sinadurak bilduko ditu.
Zintzo-Mintzok Izazpi-Samiño-Oleta mendialdeak ezkutatzen dituen 42 elementu ezagutzera emango ditu. Zintzo-Mintzok hiru kultur ibilaldi egin ditu dagoeneko Urretxuko eta Zumarragako mendietan. Igandekoa laugarrena izango da. Berezia izango da, zentral eolikoen afera dela eta. "Izazpi eta Oleta arteko ibilaldi hau bigarren aldiz antolatuko dugu (lehendabiziko aldiz 2015ean egin genuen) eta bertako parajeen balio natural eta historikoaz jabetzea da helburua, parajeok arriskuan egon baitaitezke bertan eraiki nahi den zentral eoliko erraldoia eraikitzen bada", azaldu dute.
Gidaria, aurreko txangoetan bezala, Jonmikel Intsausti mendizale eta Zintzo-Mintzoko kidea izango da. Parte-hartzaileak 7.45ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Izena emateko zintzo_mintzo@otamotz.eus helbidera idatzi behar da. Gaur da horretarako azken eguna. Txangoa amaitzean parte-hartzaile guztiei dosier bana banatuko zaie.
Bestalde, Urretxu-Zumarraga Bizi! kolektiboak Irimo eta Oletako zentral eolikoen aurkako sinadura bilketarekin jarraituko du. Beitia martxaren egunean ehunka sinadura bildu zituen eta larunbat honetan kalera aterako dira berriro. 10.30etik 12.30era Zumarragako azokan egongo dira.
Horretaz gain, Zumarragako Udalari zentral eoliko horien kontra ager dadin eskatu diote, Urretxuko Udalak duela gutxi egin bezala.