Eskulanak, janariak, sendabelarrak, ukenduak... denetarik izango da asteburu honetan Hernanin. Izan ere, Errotzen taldeak sustatuta, Erdi Aroko azoka berreskuratuko da asteburu honetan, gaurtik igandera arte. Plaza Berrian, Urbieta kalean eta Ezkiaga pasealekuan 40tik gora erakustoki eta taberna izango dira.

Txikiek eremu berezia izango dute Hernaniko azokan. Egurrezko jostailuak, ezkutuak eta beste hainbat tresna bitxi ikusi eta erabili ahal izango dituzte. "Umeen irudimena eta jolasteko gogoa piztuko dituzten tramankuluak eta giroa egongo dira", azpimarratu dute Hernani Errotzenetik.

Gauzak horrela, elkartearen karpa ezin zen falta Erdi Aroko azokan. Bertan informazioa emango du, Euskal Herriaren historia gaia hartuta, euskalnafarren historiari buruzko ikastaroa antolatu baitu Hernanin udaran.

Konkretuki, uztailaren 11tik 14ra, egunero bi orduko saioak eskainiko ditu, goizeko 10.00etatik 12.00etara, orotara zortzi ordu. Ikastaroa Biteri kultur etxean emango da eta Beñi Agirre izango da zuzendaria. Matrikula epea uztailaren 7a arte izango da (edukiera mugatua izango da eta izen-emate ordena lehenetsiko da kopurua osatu arte). Izen-ematea herriaerrotzen@gmail.com (izen abizenak jarrita) helbide elektronikora idatziz egin daiteke. Matrikula eta materialen kostua 20 euroko da.

Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko azoka ez da asteburu honetan izango den ekintza bakarra. Datorren astean sanjuanak dira eta ohi denez, bihar Azeri bila herri lasterketa burutuko da: 17.30ean haurrena eta 18.30ean helduena. Hortaz, Urbieta kalea, Marieluts eta Aristizabal arteko tartea, trafikoari itxita egongo da 16.00etatik 20.00etara. Lasterketa bukatu bezain laster kalea zabalduko da.