Hiritik At kooperatibako kideen laguntzarekin, epe luzera begira, Santuenea auzoaren eraldaketa nolakoa izatea nahi duten adostu dute, hainbat gairi erreparatuta, besteak beste, espazio publikoari, mugikortasunari, zaintzari eta energiari. Hauek aurkeztuko dituzte biharko agerraldian, 19.30ean auzoko frontoian, eta auzokideei ekarpenak egiteko aukera emango diete, azken dokumentua itxi aurretik. Amaitzean, luntxa izango da.

Usurbilgo Udalak gogorazi duenez, auzoak hobetzeko hainbat alderdi zituela eta, Udalarengana jo zuten auzotarrek 2021ean, eta, hala, Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesua jarri zuten martxan, elkarlanean, behar horiei modu integralean erantzuteko. Espazioari eta hirigintzari ez ezik, gai sozial eta komunitarioei ere erreparatu diete, eta auzoa epe ertainean nola eraldatzea nahiko luketen landu dute: desio duten etorkizuneko auzoa eraiki-tzeko beharrezkoak diren aldaketa zehatzak adostu dituzte.

Urtebeteko epean, diagnostiko bat egin dute auzokideen artean, eta auzoarentzako proiektu estrategikoak lantzeko saio irekiak ere egin dituzte. Auzotarren artean esku-hartzeak definitu dituzte, baloratu, lehenetsi, eta Udalarekin ere kontrastatu dituzte.

Santuenea Elkarlanean talde eragilea irekita egon da, une oro, parte hartu nahi izan duen ororentzako, eta hemendik aurrera ere hala izango da. Izan ere, orain, erronketako bat talde hori indartzea izango da, besteak beste, planaren jarraipena egin eta bertan definitutako hobekuntzak egingo direla berma-tzeko, beti ere, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean.

Santuenea 60ko hamarkadan eraikitako langile auzoa da. 440 biztanle inguru ditu egun, eta han biltzen dira herriko errenta baxuenak eta langabezia-ehuneko handienak. Biztanleria gutxitzen eta zahartzen ari da eta migrazio portzentaje altua du.

Urbanistikoki, oro har, kalitate baxuko eraikinek osatzen dute auzoa: isolamendu gabekoak, igogailurik ez, atari asko ez dira irisgarriak, etxebizitzak txikiak dira, eta abar. Auzoko urbanizazioa, itxuraz, eraikinak baina hobeto dago, baina sareak berritzeko beharra dago, gehienbat, saneamendua eta argiteria; horregatik interbentzio integral bat egitea adostu zen.