Mendekosteak ospatuko dituzte 27 ekimenekin
- Oarsoaldeko lehenengo festa handiak hemen daude. Lezoko mendekosteak datorren ostiraletik igandera arte ospatuko dira bi urteren ostean. Atzo, Udalak 27 ekitaldi biltzen dituen egitaraua aurkeztu zuen eta herria eta Jai Batzordea gogoz daudela festaz gozatzeko azpimarratu zuten.
"Jai Batzordeak oso azkar antolatu ditu ekitaldiak, dagoen gogoaren seinale. Gainera, egitarauari, pandemia aurreko ekitaldiak jasotzeaz gain, beste batzuk gehitu zaizkio, herriko gazteek antolatuta, adibidez, ostiraleko Dj emanaldia", adierazi zuen Xanti Valek, Kultura teknikariak. Bera arduratu zen ere bai, egitarauaren ekitaldi garrantzitsuenak aurkezteaz.
"Festa hauek badute bere xarma, Zabarre piratari eta Maria Labaieni ongietorria ematen baitzaie kaian. Gainera, ostiralean ere lezoarren-tzat oso berezia den afari autogestionatua egongo da Gurutze Santuaren plazan. Bertan, gazteak, heldu, zahar eta haurrak elkartzen dira norberak ekarri duen janaria afaltzera", esan zuen.
Dantza aukera asko ere egongo dela aurtengo egitarauan aditzera eman zuen. Esaterako Murixkak Agurra dantzatuko du Zabarreren etorreran eta Iratzar erromeria izango da Saldise plazan; larunbat eguerdian XX. mende hasierako erromeriaren dantzak burutuko dira herrian zehar, ondoren Lezoko Dantzazaleek emanaldia eskainiko dute Gurutze Santuaren plazan, bazkal ostean zumbako master class egongo da eta arratsaldean muxikoak egongo dira; amaitzeko, igandean 19.30ean Aukeran dantza taldeak Hurrengo geltokia eskainiko du Goiko plazan.
Azpimarratu zuen beste ekitaldi bat, igandeko herri kirolen erakustaldia da. Gorka Etxeberria eta Beñat Telleria harrian ibiliko dira eta Xabier Zaldua eta Alaitz Mugerza, aizkora lanetan.
Gainera, haurrentzako altxorraren bila antolatu da igande arratsaldean.
Azkenik, herritarrei pirataz jantzita ateratzeko deia zabaldu zuten.
Udaletik gogorazi zutenez, festa hauetan eraso matxisten kontrako kanpaina abian jarriko da eta ingurugiroa errespetatzeko deia eta euskara erabiltzeko eskaera egin zituzten.