Amaiurko erresistentziari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte
- Trikuharri kultur elkarteak, Beloaga Bizirik eta Oiartzungo Udalak 1512an hasi zen konkista saio berria gogora ekartzeko Herri baten erresisten-tzia izeneko jardunaldi batzuk prestatu dituzte ekainean, Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrena dela eta.
Honela, hilaren 6an, 19.00etan Arizmendienean, jardunaldiei hasiera emango zaie eta bertan ekainaren 19ra arte ikus daitekeen Habitat: Ezkutatu diguten historia izenburuko erakusketa ezagutzeko bisita gidatua burutuko da.
Beñi Agirrek hitzaldi bat eskainiko du 18 urteetan zehar luzatu zen konkista eta deskonkista saiakera desberdinei buruz, ekainaren 8an.
Hilaren 12an, Joxemari Iturriotzen eskutik, Erdi Aroko Oiartzungo leku esanguratsuenetara ibilaldi gidatua antolatu dute: Beloagako gaztelua eta Huarte leinu ganbotarraren dorretxearen kokalekura.
Azkenik, 17an, Asisko Urmenetak Amaiur! Libera State bere komiki berria aurkeztuko du.
Jardunaldiez gain, marrazki lehiaketa bat antolatu da LHko ikasleen jakinmina pizteko. Parte-hartzaileek ekainaren 3ra arte dute epea pasarte honen marrazkia Urrats paperdendan entregatzeko.
Gainera, Trikuharrik 1512ko Nafarroako konkista karta-jokoa berrargitaratu du, Martintxo Altzuetaren ilustrazioekin.