- Asteazkenean, zainzuria izango da Ordiziako Azokako protagonista nagusia. Izan ere, 12 hilabete, 12 produktu ekimenaren baitan, Nafarroako Zainzuriak salmentan izango dira plazan, postu berezi batean.

Salmenta ez ezik, zainzuriaren ezaugarriak, berezitasunak eta errezeta bat biltzen dituen esku orria ere banatuko da. Gainera, zainzuria osagai duen pintxoa eskuragarri egongo da azokan. Pintxoa esku orrian azaltzen den errezetaren adibidea izango da. Pintxoa prestatu eta banatzeaz Ordiziako Leizea Taberna arduratuko da.

Azkenik, zainzuriaren salmentarako jarritako postu berezian erosketa egin dutenek, azokako produktuez osatutako lote baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

12 hilabete, 12 produktu ekimena Ordiziako Uda?aren, azokaren eta bertako ostalarien arteko elkarlan dinamikaren emaitza da. Helburua, azokan saltzen duten saltzaileei eta bertako produktuen ekoizleei ahotsa ematea da, hau da, bertakoa eta garaikoa kontsumitzea sustatzea.

Horrela, hilabetero, garaian garaiko produktu bat da protagonista Ordiziako Azokan. Produktu nagusia azokan saltzen duten saltzaileei gune berezi bat egokitzen zaie, Plaza? Nagusian erakusgarritasun handiagoa izan dezaten.

Herriko tabernetan produktu berezi horien presentzia bermatzea eta bultzatzea ere bilatzen du ekimenak. Gauzak horrela, produktu protagonista oinarri duen pintxoa prestatzen du Ordiziako taberna batek, eta bai azokan eta baita arratsaldeko pintxopotean ere eskuratu daiteke.