- Txangoa antolatu da larunbatean Oiartzunen Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioaren eskutik, Oieleku inguruan, hizkuntzaren eta izadiaren arteko lotura hertsia mintzagaitzat hartuta. Izan ere, Oieleku: euskara eta natura izenburupean, Luis Mari Zaldua euskalariak ibilaldi gidatua eskainiko du. Nornahik egiteko moduko txangoa izango da.

Abiapuntua eta helmuga Artiku-tza bidean dagoen Kausoko aparkalekua izango da. Hitzordua 10.00etan izango da eta txangoak hiru bat ordu iraungo ditu. Geldiune nagusienetarikoa Oieleku izango da, "paisaia zirraragarriz inguraturiko pago-motz apartak eta mairubara-tze zoragarriak dauden txoko benetan berezia", ziurtatu dute.

Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabardurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa... horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren auziak. Gainera, nekazari eta abeltzainek ezagutza hori nola erabili duten ikusiko da.

Ibilaldiaren prezioa bost eurokoa izango da eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko, arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoa, www.gipuzkoanatura.eus webgunea eta 943 495 069 telefono zenbakia daude.