- Jostagailuak erakusketa June Monroyk egindako hamabi collage digitalek osatzen dute eta itxuraz aurkakoak diren bi diziplinen arteko fusioa lortzen du, digitala eta artisautzaren arteko fusioa, alegia. Kromosoma Tailerrak Errenteriako Kaxkoko Artisau Auzoan duen lokalean, Erdiko kaleko 13. zenbakian, erakusketa ikusgai dauka martxoaren 27a arte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Kromosoma Tailerraren erakusketa proposamenaren helburua da bertako artistak ezagutaraztea eta haien lanak erakustea.

Horretaz gain, proposamen bateratu bat sortzea da helburu nagusietako bat, zurarekin eta artisautzarekin egindako lana gizartera hurbiltzeko eta ogibide hau erakutsi eta sustatzeko hainbat kanal, formatu eta espaziotan.

Izan ere, Kromosoma Tailerraren eta June Monroy collagistaren artean egindako lanaren helburua da sinergiak aurkitzea eta teknika tradizionalen eta digitalen arteko topagunea sortzea. Honen barruan, artistak estetika oniriko eta surrealista sortu nahi du bere obra bakoi-tzean.

Proiektu hau herritarrei hurbiltzeko, Kromosoma Tailerrak bi ikastaro eskainiko ditu: collage- mural kolektiboa osatzeko tailerra, martxoaren 12an, larunbata, 11.00etatik 13.00etara eta zuraren gainean inprimaketa digitalak egiteko tailerra, martxoaren 19an, larunbata, 11.00etatik 13.00etara.

Tailerretan izena emateko kromosomatailerra@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 636 898 543 telefono zenbakira idatzi behar da.

Kromosoma Tailerrak artisau lana diren egurrezko jostailu didaktikoak diseinatu eta fabrikatzen ditu, ingurugiroa errespetatzen dituzten material seguruak erabiliz. Era berean, jostailuez gain, kaleko jolasen aukera zabala dute eta horrez gain, ikastaro ugari eskaintzen dituzte, tarteka iragarriko dituztenak.

Ibilbide luzea duen enpresa da; Eva Diaz de Islak eta Alberto Monroyk 2014. urtean sortua. Tailerra Beraun auzoan dute.