- Osasun egoerak onera egin duenez, Hondarribiko Emakumearen Astearen programak, Udalarekin landuta eta adostuta, ekintza ugari aurreikusten ditu gaurtik eta martxoaren 13ra arte Emeki Elkartearen eskutik. Tamara Sastre eta Ana Mari Blanco Emekiko kideek ekimenaren berri eman zuten atzo Hondarribiko udaletxean, Txomin Sagarzazu alkatea eta Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziarekin batera.
Ildo horretan, alkateak eskerrak eman zizkien Emeki osatzen duten pertsonei "urte osoan egiten duten lanagatik eta martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egiten duten lanketa partekatzeko aukera" Udalari ematen diotelako. Era berean, Larrarte zinegotziak elkarteak urtero erakusten duen lankidetzarako borondatea azpimarratu zuen.
Ekintzei dagokionez, azken asteotan lehenengoa burutu da dagoeneneko: programaren kartela erabakitzeko lehiaketa. Larrartek iragarri zuenez, aurten 17 lan aurkeztu dira eta irabazlea neska hondarribiar gazte bat izan da. Kartel guztiak Arma Plazako turismo bulegoan daude ikusgai gaurtik.
Udalaren aldetik bi ekintza nagusi antolatu dira. Lehenengoa larunbat arratsaldean ospatuko den kontzertu bat da, Afrika Bibang abeslariaren eskutik. Itsas Etxeko auditorian izango da, 19.00etan, doako sarrerekin. Bigarren udal ekimenak Madre Coraje antzezlana Itsas Etxean ikusteko aukera emango du martxoaren 6ean, igandea, 19.00etan.
Sastrek Emekiren aldetik prestatuko ekintzen berri eman zuen. Hala, ostegun honetan Lupe Lekuonak ipuin kontalari saio bat eskainiko du Emekiko instalakuntzetan, 17.30ean. Ostiralean oso ekitaldi berezia ospatuko da Kultur Etxean, Neus Albertos eta Charo Martinezen arteko elkarrizketa parte-hartzaile batekin, 19.00etan.
Asteburura begira, larunbatean Bixi-Bixi pala txapelketa egingo da Soroetako frontoian 10.00etatik aurrera, eta ondoren, 14.00etan, Klink elkartean bazkari herrikoia antolatu da. Igandean, aldiz, xakea praktikatzeko aukera emango zaie emakumeei Jostaldin, 18.00etan, Marlaxkaren eskutik.
Egun handian, martxoaren 8an, pankartak prestatzeko tailer bat egingo da goizean 11.00etan, Emekiko egoitzan, eta arratsaldean, eskualde mailan urtero egiten den manifestazioa Hondarribitik aterako da, 17.00etan, Irun eta Hendaiaruntz.