Donostia: Bamboo Dance Los Angelesera doa

03.01.2022 | 00:26
Los Angelesen dantzatuko duten Bamboo Danceko kide batzuk.

--- Donostiako dantza eskola honetako 20 pertsonako talde batek World of Dance txapelketako semifinala jokatuko du 2022ko uztailean.

--- Bidaia eta gastuak ordaindu ahal izateko dirua lortzeko merchandisinga jarri dute martxan.

Donostiako Bamboo Dance dantza eskolako talde batek Los Angelesera bidaiatuko du datorren uztailean World of Dance nazioarteko txapelketako semifinalean parte hartzeko. Guztira, 14 eta 37 urte bitarteko 20 dantzari joango dira bertara eta horretarako dirua eskuratzeko merchandising bat jarri dute martxan.

World of Dancerako sailkapenak munduko Estatu guztietan egiten dira eta Bamboo Dancekoek 2019an Bartzelonan ospatu zen sailkapenean hartu zuten parte. "Estatuko bi onenen artean sailkatzen bazara, eta gutxieneko puntuazio bat lortzen baduzu, Los Angelesen ospatzen den semifinalera joan zaitezke. Guk puntuazio hori eskuratu genuen eta semifinalera joateko sailkatu ginen. Hasiera batean 2020an joan behar genuen, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen. Hala ere, aurten email bat bidali digute 2022rako tokia gordeta dugula jakinarazteko", azaldu du Eider Rodriguezek, Bamboo Danceko irakasleak.

Los Angelesera bidaiatuko duen taldea, semifinal horretara sailkatzea lortu duen lehen talde euskalduna, akademiako ikasleek eta irakasleek osatzen dute. 2019ko sailkapenean 30 pertsonek hartu zuten parte: gazteenak 14 urte zituen eta helduenak, Rodriguezek, 37. "Bi urte pasa dira ordutik eta batzuk Erasmusen daude atzerrian, beraz, talde berri bat egin behar izan dugu eskolan dagoen jendearekin", adierazi du Rodriguezek.

musika eta koreografia


Koreografia 20 pertsonek egingo dute oraingoan. "Koreografia berdina eraman behar dugu, hori baita puntuazioa eta sailkapena lortu duen dantza, baina aldaketa batzuk egiten uzten digute ulertzen dutelako orain dantzari gutxiago ditugula", zehaztu du. Orain hamar pertsona gutxiago direnez, aldaketarik handiena bakoitzaren posizioetan egongo dela azaldu du.

Hala ere, musikak eta ideiak berdinak izaten jarraitzen dute. "Musika ez da oso komertziala, Thornato izena duen produktore nahiko ezezagun batena da, eta abestiak Chapinero izena du. Afro soinuak ditu eta hip-hop estiloan ere sailkatu genezake", nabarmendu du.

Koreografia honetan parte har-tzen duten pertsona gehienek hamar urte edo gehiago daramatzate Bamboo Dancen ikasten. Entseguak eskola orduan egiten dituzte, arratsaldez. "Dantzari guztiak astean hiru egun etortzen dira eskolara. Egun batean hip-hop teknika egiten dute, bigarren egunean dantza garaikideko teknika lantzen dute eta hirugarrengoan aldiz, koreografia", adierazi du.

Hiru koreograforen artean osatu dute Los Angelesera eramango dituen piezaren koreografia: Ananda Berasarte, Jhon Enciso eta Eider Rodriguez bera izan dira sortzaileak. "Bost minutu irauten dituen pieza hori hiru zatitan banatu genuen eta bakoitzak minutu eta erdi sortu zuen. Ideia guztia elkarrekin doa, baina koreografia hiruron artean osatu genuen", azpimarratu du Rodriguezek.

Gainera, dantza honekin mezu bat ere zabaldu nahi dute nazioartean. Martin Luther Kingen Mundua bihar amaituko dela jakingo banu, gaur zuhaitz bat landatuko nuke esaldia du oinarrian eta taldeak zuhaitz bat landatuko genuke eta dantzan jarriko ginateke mezua gehitu zion. "Honekin esan nahi duguna da, nahiz eta oso momentu txar batean egon, guk dantzarekin eta elkarrekin beti aurrera egiten dugula", zehaztu du.

merchandisinga


Oraingoan, aurrera egiteko merchandising bat abiaraztea erabaki dute. World of Danceko antolakuntzak ez die ezer ordaintzen eta beraien poltsikoetatik atera behar dute bidaiak, hegazkina, janaria, entseguak eta guztia ordaintzeko dirua. "Hori finantzatzeko merchandisingak egiten ditugu deitzen diguten lekuetan. Gure logoa duten kamisetak saltzen ditugu hamar euroan, eta motxilek eta poltsek bost euro balio dute. Gainera, Instagrama eta korreoa ere baditugu eta jendeak bertatik eskatzen dizkigu", azaldu du.

Gutxi gorabehera, dantzari bakoitzeko 2.000 euro beharko dituztela aurreikusten dute, izan ere, hegazkinaren prezioa asko igotzen baita talde osoa Los Angelesera hegaldi berean joan ahal izateko.

"Nahiz eta oso momentu txar batean egon, guk dantzarekin beti aurrera egiten dugu"

eider rodriguez

Bamboo Danceko irakaslea

"Hasiera batean 2020an joan behar genuen, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen"

 


noticias de noticiasdegipuzkoa