- Udaletik jakinarazi dutenez, Atzegiren aisialdirako Txolarte taldeak eta Udal Euskaltegiaren egoitza berriak Telefonikako eraikin eraberrituan izango dira. Egoitza berriak diseina-tzerakoan, Txolarteko zein euskaltegiko arduradun eta langileekin landu du proiektua Udalak, beti ere, "bakoi-tzaren beharrei erantzungo dion espazioak egokitzeko" helburuarekin.

Azpeitiko Udalak etorkizuneko gizarte beharrei erantzungo dion eraikin berria egingo du Perdillegiko perretxikoaren eremuan eta horregatik inguru horretan egoitza duten eragileen kokapen berria adosten eta zehazten hasi da. Are gehiago, lehen leku aldaketak abian jartzeko lanak ere abiatu berri ditu Telefonikako eraikin zaharrean. Udalak Iparragirre Eraikuntza enpresari esleitu dio Telefonikako eraikina eraberri-tzeko proiektua. Hori gauzatzeko inbertsioa 1.315.523 eurokoa izango da eta dena ondo bidean lanak 18 hilabeteko epean izango dira amaituta.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzu eta Ogasuneko batzordeburuak eskerrak eman dizkie egoitza aldaketaren prozesuan elkarlanerako azaldutako jarreragatik: "Perdillegiko gunea, pixkana husten hasi behar dugu gizarte beharrei erantzuteko abian dugun proiektu estrategikoa gauzatzeko. Beraz, han Azpeitia hobeago bat izateko lanean aritzen diren eragileei beste leku bat bilatzen hasiak gara. Aldaketak onerako izatea nahi dugu eta Telefonikako eraikina eraberrituta, euskaltegi eta Txolarteko aisialdi taldearentzako lekua egokituko dugu".

Naroa Uria eta Eli Agiriano Txolarte taldeko kideak "gustura" azaldu dira egoitza aldaketaren proiektuarekin: "Urte asko daramatzagu Perdillegin elkartzen baina egia da gurea bezalako talde batentzat oso garrantzitsua dela irisgarritasuna, eta egoitza berria askoz egokiagoa izango da alde horretatik", adierazi dute. Alde Zaharrean kokatuta egotea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute: "Herrian bertan gaude, ez daukagu mugitu beharrik eta egoitza berriak ekintza berriak egiteko aukera ere eskainiko digu. Azkenean, Udalarekin elkarlanean, gure erabileraren araberako diseinua egin dugu". Egoitza berria, taldea "bisibilizatu, ezagutarazi eta indartzeko tresna izatea" ere nahiko lukete".

Txolarte taldearen etorkizuneko egoitza, eraikinaren beheko solairuan kokatuko da eta 120 metro koadro inguru izango ditu. Sarbidea Perez Arregi plazako sarrera nagusitik izango du eta barruan sukalde-jangela, egongela, proiekzioetarako gunea eta erabiltzaileen joku eta elkarbizitzarako edota gurasoen bileretarako aproposa izango den mahaigunea.

Udal Euskaltegia eraikinaren lehen solairuan eta teilatu azpian kokatuko da. Horretarako, eraikinaren altuerak berrantolatu eta irisgarritasun arauetara egokituko da. Sarrera Enparan kaletik izango du eta sarreran izango dira eskailerak eta igogailua. Lehen solairua, irakaskuntza-espaziorako egokituko da eta tamaina desberdinetako bost ikasgela, bi tutoretza gela, komunak eta biltegia izango dira bertan. Goiko solairuan, berriz, harrera, 10-12 lanpostuetarako bulego irekia, bi banakako bulego, komunak eta langileentzako sukalde-jangela izango dira. Enparan kaleko dorrean erabilera anitzeko gela kokatu da eta Erdikaleko dorrean, berriz, administrazio-espazioei lotutako bilera-gela.

Udal Euskaltegiaren eta Txolarteko egoitzaz gain, komun pubikoak ere egingo dira eraikineko beheko solairuan.