- Donostiatruk azoka Amarako Easo plazan ez ezik, Altza, Gros, Intxaurrondo eta Antiguako auzoetan ere egingo dute urria eta abendua bitartean. Hitzorduak, ohi bezala, larunbat goizetan izango dira, 10.00etatik 14.00etara.

Hala, urriaren 17an Eason jarriko dira postuak eta 24an, berriz, Altzako Harria parkean.

Donostiatruk Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatutako azoka da, produktuak berrerabili eta hondakinak murrizteko aukera emateko. Arropa, jostailuak, liburuak eta bestelakoak salerosi daitezke. Gainera, Egia auzoko Km0 jatetxe begano-begetarianoan bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko dute erosketaren bat egingo dutenen artean.

Bestalde, osasun-krisiaren ondorioz, prebentzio-neurriak hartu dituzte: postu kopurua mugatu dute, produktuak manipulatzea saihestu dute eta arropak probatzea ere bai, besteak beste. Gainera, erosleei gogoratuko zaie etxera eramaten dutena desinfektatu edo berrogeialdian mantendu beharko dutela erabili aurretik.

Online parte hartzeko aukera ere badago, Donostiatruken webgunean iragarkia jarri eta objektuak sal baitaitezke. Oparitu ere egin daitezke nolotiro.org webgunearen bidez.