Síguenos en redes sociales:

Oikiako eskola berriaren estreinaldia

Eraikinak 733 metro koadroko azalera du eta bost gelatan banatuta dago

Oikiako eskola berriaren estreinaldiaArgazkia: N.G.

zumaia - Gabonetako oporraldia hasterako esan zioten agur ikasleek Oikiako eskola zaharrari, eta urtarrilaren 7tik eskola berrian ikasten badabiltza ere, pasa den larunbatean egin zuten inaugurazioa.

Hezkuntza komunitate osoak parte hartu zuen hezkuntzaren aldeko festan. Zumaiako Udaleko ordezkariak ere bertan izan ziren, tartean Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Arritxu Iribar zinegotzia. Ekitaldian izan ziren Oier Korta, Iñaki Agirrezabalga eta Maria Eugenia Arrizabalaga ere, Zumaiako alkate ohiak.

Itziar Garciarena Oikiako eskolako zuzendariak eskerrak eman zizkien "ibilaldi luze honetan, era batean edo bestean" lagun izan dituzten guztiei; "Eskerrik asko irakasleei eta ondoren proiektu horri jarraipena eman zioten gurasoei; Kolarre guraso elkarteari, beti laguntzeko prest daudenei; Zumaiako Udalari, brigadako kideei eta gainerako langileei, beti gure eskura behar diren baliabideak jartzeagatik, batez ere Josune Herrarte Hezkuntza eta Euskara teknikariari".

Urteak igaro dira Oikiako eskola berriaren ibilbidea abiatu zutela. Hainbat legealdiren ostean, izapide eta eragozpenak tarteko, Udalak 2015ean lortu zuen eraikinerako bideratutako lursaila bere izenean jartzea. 2017an lortu zuten eskola berria eraikitzeko Eusko Jaurlari-tzaren inbertsioa. 2018an hasi zituzten obrak, eta urtebeteren ostean, Oikiak eskola berria du.

Eraikin berriak, 733 metro koadroko azalera du eta bost gelatan banatuta dago: bi urtekoen gela, erabilera anitzeko gela, talde txikien gela eta beste bi espazio. Gainera, liburutegia, jangela eta estalitako eremu bat ere baditu egungo eskolak.

Feli Uriari omenaldia Feli Uria urte askotan izan zen Oikiako Eskolako irakaslea, eta hari omenaldia egin nahi izan zioten eskola berriaren inaugurazioan. "Eskola txikiaren handitasuna zer den ikasi genuen zurekin. Elkarlanean ikasten, adin desberdinen artean elkar irakasten, baita liburuetatik aparte ikasten ere", azaldu zuten eskolako kideek.