Síguenos en redes sociales:

Aizarnazabal kulturaz margotuta

Datorren uztailaren 3an aizarnazabaldarrek hitzordu berezia izango dute plazan. 40 bizilagun inguruk "Maitasunaren pintzeladak" lan musikatua aurkeztuko dute, herriko lehen antzerki obra. Testua eta argazkia Ainara Lozano

Aizarnazabal kulturaz margotuta

aizarnazabalek kultur elkarte ugari ditu baina sekula ez zuten elkarrekin zerbait sortu orain arte. Mikel Aiertzak eta beste lau lagunek askotan komentatzen zioten elkarri herrian zerbait kulturala egitea falta zela eta lan bat prestatzea "polita izan zitekeela", "herritarrek zerbait egin eta herriari erakusteko". Helburu horrekin aritu dira martxotik lanean guztia prestatu eta datorren uztailaren 3an bizilagunen aurrean Maitasunaren pintzeladak erakusteko. Hitzordua 22.30ean izango da Aizarnazabalgo plazan.

Herriko lehen antzerki obran bertso, dantza eta musika eskolek, antzerkian aritzen diren bizilagunek, ongi pintatzen duen jendeak eta abesbatzak hartu dute parte, besteak beste. Horregatik, antzerki musikatua egitea adostu zuten hasieratik eta gidoia egin zuten, argi baitzuten, "gauza egitekotan, zerbait serioa egin behar zela".

Martxotik astero elkartu dira entseatzeko eta pixkanaka taldea handitzen joan da, 40 lagun elkar-tzeraino. "700 biztanleko herri bat izateko jende asko mugitu da", nabarmendu du Aiertzak. Honela sortu da Maitasunaren pintzeladak eta antolatzaileak harro daude, "orain arte antzerki munduan ia inor ibili ez eta horrelako lan handi batean sartzea eta horren denbora gutxian aurrera ateratzea oso erronka handia izan delako". "Bakoitzak berezko artea duela erakutsi du eta horregatik egin dugu guztia horren azkar", gaineratu dute.

errealitatea eta fikzioa nahastuz

Baltasar Etxabe gogoan

Gidoia prestatzen hasi zirenean, lehenengo, gaia zehaztu behar izan zuten. "Nik antzerkia margolari baten inguruan egitea nuen pentsatuta eta beste herrietan pertsonaia ezagunak dauden moduan, Elkano Getarian esaterako, hemen ere horrelako baten inguruko obra egin nahi genuen. Begiratzen hasi ginen ia Aizarnazabalek eman duen norbait ezaguna eta Baltasar Etxabe margolariarekin gogoratu ginen", jakinarazi du Aiertzak. Herrian askok ezagutzen ez duten arren, Baltasar Etxabe Aizarnazabalen jaio zen 1540. urtean eta Mexikoko pintura eskolaren sortzaileetako bat izan zen. "Bere bizitzaz informazio gutxi dugu, bera jaio zen baserria zutik dagoen arren. Kale bat ere badugu bere omenez, baina nik ere egia esan duela gutxi arte ez nekien pintorea zenik", aitortu du Aiertzak. Horregatik, taula gainean duten abilezia erakusteaz gain, Baltasar Etxabe nor zen ezagutarazi nahi diete herritarrei.

Maitasun istorioko margolaria eta bere emaztea benetakoak diren arren, fikzioarekin nahastu dute Etxaberen bizitza eta hasieran lotsatia zen mutilak pixkanaka bere sentimenduak mimo baten laguntzarekin nola adierazten dituen azalduko dute musikak lagunduta. Gainera, euskal kantu ezagunen letrak moldatu dituzte obrarako: Hertzainak taldearen Aitormena, Ken Zazpiren Ilargia eta Amaia Zubiriaren Uso zuria errazu, besteak beste.