zestoa. Bainuetxeen altzoan hotelak eraiki eta jendea Zestoara bidaiatzen XVIII. mende bukaeran hasi zen. "Iturburuko urak gibeleko arazoei aurre egiteko aproposak zirela zabaldu zenetik, duela 40 bat urte arte, Espainiako hainbat bazterretatik etorri izan da jendea. Baita atzerritik ere. Zestoa jendez gainezka egoten zen hiru hilabetetan zehar", esan du Iñaki Azkune zestoarrak.

1883an, adibidez, 671 pertsona etorri ziren Zestoara, Isabel II. erregina besteak beste. Handik urte batzuetara, 1892an, 980 kanpotar izan ziren herrian. Hotelen eraikuntza pixkanaka hasi zen. 1895ean, Benta Peligro eta Arteche eta Alcorta hotelak eraiki ziren. 1908an, Oyarzabal hotelak -egungo Arozenak- lehen pausoak eman zituen, eta 1915ean, berriz, Lizaso hotelak. Querejeta ostatua ordurako martxan zegoen. Cristina (1917) -gero Goñi izena hartu zuena-, Asuncion (1920), Carmelo (1925), Zurbano (1929) hotelak etorri ziren ondoren. "1920an, La Blasa Kasino Handia hasi ziren eraikitzen, baina Primo de Riveraren diktaduraren (1923-1930) ondorioz, kasinoa hotela bihurtu zuten", gaineratu du.

Jende piloa joan zen urtetan Zestoara ura edan eta sendatzeko asmoz. Iñaki Azkuneren iritziz, iragan mendeko hirurogeigarren hamarkadan hurbildu zen bisitari gehien herrira. "XX. mende hasieran, Madrilgo gobernuko ministro asko etorri zen. Gobernu bilera bat ere egin zuten bainuetxean. Aristokrazia espainiarrak ere ez zuen hutsik egin. Askok, neskame eta guzti, bi hilabetetarako etortzen ziren udara igarotzera. Herriko hotelak jendez lepo egoten ziren", azaldu du.

Azkuneren gaztaroan, frankismoan, Kubako aberatsak Cadillac auto dotoreetan etortzen ziren Zestoara. Kanpotar aberats batzuk, sendia ez ezik, bere neska laguna ere ekartzen zuten. Hotelen jabeek oso ondo ezagutzen zuten saltsa guztia. Jauntxoek ederki ordaintzen zietenez, ez zuten txintik ere esaten. Horrez gain, maitasun erlazio bat edo beste egon zen bisitari eta herriko nesken artean. Baina ez askorik", adierazi du.

Kanpoko jendetzari esker, ikaragarrizko burrunba izaten zen. "Herritar askok, gaztelaniaz nola hala hitz egitea ez zen arazo", erantsi du zestoarrak. Uztaila eta abuztuan hainbeste jende etortzen zenez, pilota partidak egunero jokatzen ziren bisitarien gozamenerako.

Turisten eta hotelen gainbehera 1959 urte inguruan hasi zen. Hau da, Fidel Castro eta bere jarraitzaileen iraultza garaitu orduko. Kubako aberatsak desagertzen hasi ziren. Haien txanda madrildar eta portugaldar izandunek hartu zuten. Azken hauek txoferrek gidaturiko Mercedes auto dotoretan ibiltzen ziren Zestoatik barrena.

Dirudunek hoteletan lo egiten zuten bitartean, txoferrek, herriko etxeetako gela alokatuetan hartzen zuten atseden. Baina 1974an, Portugalen izandako Krabelinen iraultzarekin, hauek ere desagertu egin ziren. Harrezkero, hainbat lekutan bainuetxeak ugaldu ahala, Zestoako jende etorrera tantaka murrizten joan zen", aipatu du Azkunek.