Bizitza oso bat eskuz abarkak egiten
Gabiriako Astiazaran baserrian du bere lan txokoa Juan Elgarresta artisauak. 45 urte daramatza garai bateko ofizio honen tradizioa bizirik mantentzen
Garai batean, baserritarrek eta artzaiek larruzko abarkak janzten zituzten lanerako, oin azpiak babesteko. Ez ziren zapata oso erosoak, baina bai gogorrak eta euriari aurre egiteko aproposak. Gizonek zein emakumeek erabiltzen zituzten, eta, horregatik, nahiko arrunta zen herri guztietan abarkagile bat edo gehiago aurkitzea. Denborak aurrera egin ahala, ordea, batez ere euskal dantzen jaialdietan edo erakustaldietan bakarrik ikusten hasi ziren. Gaur egun oso artisau gutxik jarraitzen dute lanbide zahar honen tradizioarekin Euskal Herrian. Horietako bat Juan Elgarresta da.
Abarkak eskuz egiten ditu Urretxun jaiotako gizon honek. 45 urte daramatza larruarekin jolasean, arbasoek hasitako lana bizirik mantenduz. Kultura eta ondare bat ezkutatzen du bere baitan ofizio honek, eta Juanek balio hori gorde eta zabaltzen jarraitzen du gaurdaino. Gabiriako Astiazaran baserrian, bere bizitokian, lan egiteko txokoa du. “Nire aitonak abarkak egiten zituen. Haria pasatzeko esku biguntxoak behar dira eta treneko langilea izan zenez, eskuak gogortuak zituen. Orduan mutiko nintzela eta berari lagunduz ikasi nuen”, kontatu du erreportajeko protagonistak.
Gaztaroko urteetan, baina, lanketa hura albo batera utzi zuen, 1980an Urretxun artisautza feria antolatu zuten arte. “Beste artisaulan tradizional batzuen artean, guri parte hartzeko eskatu ziguten. Aita haria egiten, ama galtzerdiak josten eta ni, aldiz, abarkak moldatzen. Egun hartan bertanTolosako Kilometroetara joateko proposamena luzatu ziguten”, gogoratu du Elgarrestak. Eta horrela hasi zen azokaz azoka. “80ko eta 90eko hamarkadetan ia astero ospatzen ziren feriak herri askotan”, azpimarratu du abarkagileak.
1983an Londresen egon zen
Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ibili da, handik eta hemendik. 1983an Londreseraino iritsi zen, Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen erakustaldiaren eskutik; bertara 30 artisau baino gehiago gonbidatu zituzten.
Oso oroitzapen onak ditu artisau beteranoak. “Gipuzkoan, orduan, Errenteriakoa zen azoka garrantzitsuena”, baieztatu du. Baina bat baldin badago bereziki maite duena Arrasateko Santamas eguna da. “25 urtez jarraian parte hartu nuen, amaren heriotzagatik urte batean huts egin nuen, eta hortik aurrera berriro bueltatu nintzen. Azken lau urteetan, adibidez, bertan egon naiz”, nabarmendu du.
Gaur egun, dendetan eros daitezkeen abarkak tailerretan eta makinetan eginda daude. Hala ere, Elgarrestaren helburua hasieratik antzinan nola egiten zen erakustea izan da. Eta xede horrekin parte hartu du azoketan. Gelditu gabe, batez ere, Legazpiko Bellota fabrikatik 52 urterekin prejubilatu zutenetik. Eskoletako eta euskaltegietako ikasleentzat abarkagintza tailerrak ere eskaini ditu Astiazaran baserrian bertan.
83 urterekin eta esperientzia handia pilatuta, esku trebeak ditu oraindik. “Erritmoa jaitsi dut, adinak ez baitu barkatzen”, dio. Lan neketsua da. “Bi ordu baino gehiago behar ditut abarka pare bat egiteko. Fase bakoitzeko denborak ondo zaintzea gustatzen zait: larruaren bueltan zuloak egiten, josten eta forma ematen”, adierazi du Elgarrestak.
Antzinan ondu gabeko larrua erabiltzen zuten: behiaren azala lehortuz. Denborarekin, berriz, ondutako larruarekin egiten hasi ziren. Dantzarientzako badira, azpialdean goma fina jartzen diete gutxiago irristatzeko.
Azoken bilakaera
“Abarkak eskuz, garai bateko moduan, egin eta plazaz plaza ibili den bakarra naiz, edo, behintzat, ez dut beste inor ezagutzen”, esan du Elgarrestak. Aitortu du pena ematen diola bere ibilbidean berak bezala lan egiten duen beste pertsona batekin topo ez egiteak, eta baita inor atzetik ez izateak ere. “Baina azokek ere bilakaera izan dute, gauza berriak sartuz”, onartu du artisau iaioak. Oraingoz, arbasoengandik ikasitakoa erakusten jarraituko du.