Iragarrita zegoen tenperatura baxuko pronostikoa bete egin zen atzo, baina horrek ez zuen eraginik izan azpeitiarrek jaiaz gozatzeko izan zuten gogo bizian. Betiko umorearekin atera ziren eta, ohi duten bezala, San Sebastian bezperaren eguneko danborrada giro onez eta alai burutu zuten gaueko hotzari kasu handirik regin gabe. Martxa 22.00etan hasi zen Olazko Andre Mariaren plazan. Ordurako, ehundaka eta ehundaka lagun zeuden alde zaharreko kale alboetan konpainia guztien ibilbidea ikusteko Soreasuko San Sebastian parrokiarako bidean. Behin parrokian, ‘San Sebastian Martxa’ eta ‘Soreasuko Sebastian’ piezak jo zituzten Azpeitiko Musika Bandarekin batera.

Ondoren, konpainiek plaza Nagusian bukatu behar zuen ibilbideari ekin zioten, kaleak girotuz Alardearen ordua iritsi arte. Gauerdiarekin batera iritsi zen banderaren igoera, Azpeitiko Musika Bandak eta danborrada osatzen duten 30 konpainiek Raimundo Sarriegik konposatutako San Sebastian Martxa jotzen zuten bitartean. Plaza Nagusia jendez gainezka zegoen. Hotzari aurre eginez, tinko mantendu ziren plazan hainbeste estimatzen dituzten piezak Musika Bandak eta danborradako kideek jo-tzen zituzten bitartean: Soreasuko Sebastian, Diana Txikia Txokolo, Mandioko polka eta Goizeko Izarra. Pantxoa eta Pelloren Batasuna kantuak Alardeari amaiera eman zion, baina ez jaiari, goizaldeko ordu txikiak arte luzatu baitzen herriko taberna eta elkarteetan. Gaueko danbor hotsak gaur izango du jarraipena. Gaztetxoek hartuko dute helduen lekukoa eta 12.30etik aurrera Azpeitiko kaleak girotuko dituzte Umeen Danborradan. Bostehun bat neska eta mutil aterako dira danborradan, soldaduz, sukaldariz, mikeletez, inudez eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Tertzioz jantzita, kolore eta jantzi anitzeko martxa gauzatuz. Gaur ikusi ahal izango da ere Aitor Exposito Ibarmiak diseinatu duen eta Eiten Aroztegiak egindako karroza, San Sebastian eguneko sorpresa handienetako bat. Danborrada protagonista izango da gauean ere. 23.15ean hasiera emango zaio bandera jaitsi arteko ibilbideari. Jaitsiera gauerdian burutuko da plaza Nagusian Udal Musika Banda eta Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi S.B., Mendizaleak, Barratsu eta Basazabal konpainien partaidetzarekin.