‘Kilometroak Izpiz-izpi’ lemapean ospatuko da Azpeitiko Kilometroak 2024ko urriak 6an. Hala jakinarazi da Soreasu Antzokian, gaur arratsaldean: “Datorren urtea, Kilometroak urtea, harremanen urtea izatea nahi dugu, talde eta eragile desberdinekin hitz egiteko urtea. Zubiak eraikitzeko urtea, elkarlanaren eta auzolanaren urtea. 2024ko kilometroetako urtea hiru ardatz lantzeko urtea izatea nahi dugu: izpiz-izpi, ahoz-aho arituko gara euskaraz, izpiz-izpi, eskuz-esku landuko ditugu kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta izpiz-izpi, pausoz pauso jarraituko dugu herrigintzan”, esan zuten Ikasberri Ikastolako artezkaritzako kideek.

Bertan ezagutzera eman da ere hurrengo edizioaren logoa. Eguzkilorearen forma izango du. “Eguzkilorearen hosto guztiak ezberdinak dira, baditu luzeak eta baditu txikiak baita zabalak eta estuak ere. Batzuk okerrak dira eta besteak oso zuzenak, zaharrak berriez inguratuta daude eta ximelek freskoak biltzen dituzte baina denak dira beharrezkoak lore eder hau osatzeko”, azaldu dute aurkezpen ekitaldian.

Ehundaka lagun bildu dira Soreasun Kilometroak 2024ko berri jasotzeko. Ekitaldian zehar euskal ikastolen festa handiaren oinarriak izango diren ardatzei lotutako hiru bideo proiektatu dira: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza. Kantuek eta dantzek ere protagonismoa izan dute eszenatokian, eta baita ere Andoni Garaizarren oroitzapena. Ikastolako guraso eta artezkaritzako kidea, istripuz orain gutxi hil zen.

Kilometroetako denda bihar, abenduak 6, zabalduko da Azpeitiko Herriko Plazan (lehengo Ekindar bulegoan). Denda zabalik egongo den aurreneko egunak hauek dira: abenduak 6, 7 eta 9 (10.00etatik 13.00etara, eta 16.etik 20.00etara).