Gurutze eta Elizalde auzoak lotzeko bidegorria zabalik dago dagoeneko. Oiartzungo Udalak 2019an Karrikaraino luzatu zuen bidegorria eta orain Gurutzeraino egin du.

Azkeneko bide zati honek 2,5 kilometroko luzera du. Gurutzeko aparkalekutik abiatuz, Malkorra hotelaren atzealdetik Fraileen bideraino doa eta hortik Legarre kalera. Ibilbide guztia argiztatuta dago eta 635.000 euroko inbertsioa egin da.

Lan hau amaituta, herriko zortzi auzoetara iristen da bidegorri sarea. Izan ere, Gipuzkoan kilometro gehien dituen herrietako bat da, hamalau, hain zuzen.

Herri barruan mugikortasun osasuntsua bultzatzea da Udalaren helburu nagusia. Ibilgailuen erabilera eta hauek sortzen duten kutsadura gutxitzeko, aukera ezberdinak eskaini nahi izan ditu Udalak azken urte hauetan egindako proiektuekin.

Bidegorri eta oinezko bide berriekin, herritarrak auzoen artean oinez edo bizikletan joatea erraztu nahi du.

Alde batetik, auzoetan oinezkoen lehentasuna bultzatu da. Esaterako, auzoetako plazetan eta Elizaldeko kale nagusietan ere oinezkoek lehentasuna izateko lanak egin ditu Udalak. Altzibar biziberritzeko proiektuan, plaza eta inguruko kaleetan autoen joan-etorriak eta abiadura murrizteko lurzoru berezia jarri da. Azkenik, Done Eztebe plazatik Landetxera doan Yon Oñatibia etorbidea ere peatonala izango dela aurrerantzean aditzera eman dute Udaletik.

Gainera, herri barruan garraio publikoan mugitu ahal izateko Xorrola eta Taxibus zerbitzuak larunbatetara zabaldu ditu Udalak legealdi honetan. 2022ko Xanistebanetan, gauetan ere herriko zortzi auzoak lotu zituen Xorrolak. 342.000 euroko inbertsioa egiten du urtero Udalak Xorrola eta Taxibusa eskaintzeko eta urtez urte handituz doa zerbitzu hauen erabilera.

Azkenik, Udalak Oiartzundik Donostiara autobus zerbitzua hobe-tzeko eskaera egin dio Aldundiari. Bi linea eskatu ditu: Donostiara doan autobus zuzena eta Oiartzundik ospitalera doan bestea. Lehengo astean Gipuzkoako Foru Aldundiak ospitaletara doan linea jarriko duela jakinarazi zuen.