- Aurten Euskaraldiaren hirugarren edizioa egingo da Hitzez ekiteko garaia lelopean. 2020an bezala, herritarrei belarriprest eta ahobizi portaerak hartzeko deia luzatuko zaie, eta mota guztietako entitateetan ariguneak osatzea proposatuko da. Hori horrela, Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatu nahi izan die Hondarribiko Herri Batzarrak (hirian Euskaraldia antolatzen duen entitatea) auzo elkarteei. Aurtengo ariketa zertan datzan azaltzeko eta auzo elkarteek izena emateko jarraibideak jaso dezaten bilera bat antolatu du Herri Batzarrak. Bilera gaur izango da, 18.30ean, Amuteko auzo elkarteko instalazioetan. Herriko entitate publikoek eta pribatuek ariketa sozialean parte hartuko dute, eta auzo elkarteei berdina egitera gonbidatu nahi diete Herri Batzordetik. Informazio gehiago lortzeko euskaraldia@hondarribia.eus helbidera idatzi edo 688 865 398 telefonora deitu daiteke.