Hondarribiko Gazteriako departamentuko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak udalerriko hiru ikastetxeekin elkarlanean Emantik programa martxan jarri berri du, hiriko gazteen ondoeza emozionaleko egoerak prebenitzeko helburuarekin.

Hala iragarri du azken egunotan Maria Serrano Gazteria zinegotziak, programa, prebentiboa den heinean, babes faktoreak bultzatzea eta bizimodu osasungarriak sustatzea helburu dituela azalduz. Ekimena ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5., eta 6. mailetan gauzatuko da, udal departamentutik gaitasun emozionalak lantzeko "oso adin aproposak" direla uste dutelako.

Beraz, haurren eta nerabeen ongizaterako hezkuntza emozionala eta emozio-kudeaketa basbes faktoreak direla jakinda, hori da sustatuko dena ekimenaren baitan.

Programa Kanjo izeneko plataforma digitalaren bidez bideratuko da, eta bertan haurrak oinarrizko sei emozioak topatuko ditu (poza, tristura, lasaitasuna, beldurra, amorrua eta nazka) eta duen emozioa identifikatu ostean pantailan klikatuko du, autopertzepzio landuz. Informazio hau guztia plataforman gordetzen da, konfidentzialtasuna bermatuz, egoera emozionalaren datu azterketa egiteko bai ikastetxekoa, bai mailakoa, bai gelakoa eta baita ikaslea bakoitzarena ere.

Emantik programaren bidea pasa den azaroan hasi zen, eta geroztik eman beharreko pausoak eman ditu Udalak: irakasleriarekin, guraso elkarteekin eta ikasleekin ere bai.

Ikastetxeek egiten duten balorazioa oso positiboa da, Egiluzeko irakaslea den Egoitz Alcarazek hiriko eskolen izenean adierazi zuenez. "Gure gazteek oso arraroak izan diren bi urte pasa dituzte, eta hau bezalako programa bat abian jartzeak balio ikaragarria du guretzat, baita irakasleontzat ere", zioen Alcarazek. l