- Añarbeko Urak eta URA agentziak gauzatzen ari diren Aginagako saneamenduko obrak direla eta, Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen saneamenduaren kolektorea eraikitzen hasiko dira bihartik aurrera. Lan honek trafikoan eta ibilbideetan eragina izango du.

Izan ere, Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen bidea itxita egongo da sei hilabetez, bihartik hasita, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat.

Tarte horretako bizilagunek eta baratzeak dituztenek pasatu ahal izango dute, baina, gainerakoan, San Estebandik barrena egin beharko dira joan-etorriak. Kamioien sartu-irteerak, berriz, Txokoaldeko zubitik barrena egingo dituzte. Beraz, trafikoa dezente handituko da datozen hilabeteetan.

Guztira, 1.100 metro luze hartuko ditu obrak: 400 metro herri-bidea jarraituz eta beste 700 landa eremua hondeatuz. Bi zatitan egingo dute, Txokoaldetik gertuen dagoena lehenengo, eta Santueneatik gertuen dagoena, ondoren. Dena den, bidea osorik itxiko dute, sei hilabetez, arriskuak saihesteko.

Añarbek eta URAk Aginagako saneamendua egiteko hitzarmena sinatzean, iazko maiatzean, jakinarazi bezala, obra osoa kontuan hartuta, esku-hartzeak Aginagatik Osinalde industriaguneraino egingo dituzte, fase desberdinetan. Inbertsio handia da: obra osoaren kostua 5,4 milioi euro dira. Hitzarmenaren arabera, Urak-ek kostuen %60 hartuko du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere. Añarbek, berriz, gainerakoa finantzatuko du: %40. Urte amaieran hasi ziren lanean, eta haien arabera, 22 hilabete beharko dituzte dena amaitzeko.

Lan hauen bitartez, Aginagako eta Txokoaldeko ur zikinak bildu eta Usurbilgo eta Lasarte-Oriako intertzeptore orokorrera bidaliko dituzte. Ondoren urak Loiolako araztegira helaraziko dituzte. l