- Targazki Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak bederatzigarren aldiz, Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatu du Tolosan argazki kultura areagotzeko asmoz eta, era berean, Tolosaren izenak oihartzuna izan dezan argazki munduan.

Lehiaketan Argizaiola lehiaketarako kredentzialak lortuko dituzte hoberen klasifikatutako hiru euskaldunek. Bederatzigarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, bai gaia eta bai parte hartzea libreak dira, edozein argazkilarik aurkez dezake bere lana. Lanak digitalean bidaliko dira aurkezte kosturik gabe eta epea maiatzaren 29an bukatuko da.

Lehiaketaren emaitza ekainaren 5ean jakinaraziko da eta ekainaren 18an sari banaketa izango da, lekua eta orduan oraindik zehazteko.

Aldi berean, formatu handiko erakusketa bat izango da, aire librean. Bertan ikusi ahal izango dira lehiketaren atal bakoitzean saritutako eta hoberen puntuatutako argazkiak.

Targazki elkarteak eskualdeko argazkilari eta argazkizale guztiak animatu nahi ditu parte hartzera. Ahalegin berezia egiten ari dira, gainera, tolosarren presentzia areago-tzeko. Bertako adin nagusikoentzat, ohiko hiru bertako sariez gain, sari berri bat emango da "Tolosaldeko txapelduna", bere argazki multzoan puntuazio hoberena lortzen duen bertako argazkilariarentzat. Izenak dion bezala, sariaz gain txapela eskuratuko du irabazleak.

Aurten ere Tolosaldeko gazteen atalarekin jarraituko dute eta parte hartzea sustatzeko ikastaroa izango da maiatzaren 21ean. Interesa dutenek izena emateko idatzi behar dute targazki@gmail.com helbidera.