- Gipuzkoako ikastolen Kilometroak jaiaren eredu berriaren harira, aurten, lehenengoz, Milimetroak egitasmoa ospatuko da Gipuzkoako bi eskualdetan: Oarsoaldean eta Tolosaldean. Oarsoaldeari dagokionez, gaia Herritarren eta herrien burujabetza aldarri izango da.
Honenbestez, asteartean, apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutela 85 urte betetzen diren egunean, Oarsoaldeko hiru ikastolek -Orereta ikastola, Haurtzaro ikastola eta Pasaia-Lezo Lizeoa- eta Ibarrako Uzturpek, aurtengo Kilometroak jaiaren antolatzaileak, Errenterian ospatuko den Milimetroak jaian parte hartuko dute.
Goizean, aipatutako lau ikastoletako DBH4ko 25na ikaslek Picassoren Gernika koadroaren errepresentazio berritzaile bat margotuko dute topaketan.
Eguerdian artelanaren aurkezpena egingo da, eta Mikel Urdangarin eta Haritzaren Itzala taldearen parte-hartzea izango da Jautarkol plazan.
Amaitzeko, arratsaldean, 19.00etatik aurrera Herriko Plazan, dantza eta musika izango dira protagonista. Kukai dantza taldea, Mikel Urdangarin, Andoitz Antzizar trikitilaria, Haritzaren Itzala eta Orereta ikastolako musika taldearen emanaldiak izango dira.
Bestalde, ostegunean, 2022ko Euskaraldia arkeztuko da Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista aurkezlearen eta Eriz magoaren eskutik. 19.00etan izango da, Merkatuzarren.
Gainera, Euskaraldiaren herri ba-tzordean parte hartzeko deia egiten zaie herritar eta entitateei. Bilera asteartean 19.00etan izango da Lau Haizetararen egoitzan.