Inguruko bakarra da Goierri kirol elkarteak sortu duen emakumezkoen txirrindulari taldea. Gazte mailako, 23 urte azpiko eta elite mailako hamar txirrindularik osatzen dute.

Goierri elkartearen emakumezkoen txirrindulari taldea Nagore Txintxurreta (Urretxu), Lur Zufiria (Ormaiztegi), Arene Perez (Mutiloa), Oneka Sanchez (Beasain), June Maiz (Beasain), Katalin Iriondo (Oiartzun), Naroa Gonzalez (Hernialde), Naya Mangas (Hernani), Garazi Bergara (Zumaia) eta Naiara Riañok (Irun) osatzen dute.

Riaño elite mailakoa da eta Mangas, Iriondo eta Zufiria 23 urte azpikoak. Gainontzekoak gazte mailakoak dira. Lehen lasterketa martxoaren 5ean egingo dute, Zaldibarren. Martxoaren 20an, berriz, Beasainen egingo den Espainiako Kopako proban parte hartuko dute.

Babesleak

Zuzendari lanetan Garazi Erostarbe oñatiarra eta Izarne Maioz asteasuarra arituko dira. Biak txirrindulariak izan dira. Jon Ander Intsausti profesional ohi mutiloarraren laguntza izango dute. Taldeak Urretxuko Udalaren, Zatika bizikleta dendaren, Serinoskiren eta Euskadi Low Cost gasolindegi katearen babesa du.

Emakumezkoen txirrindulari taldea atzo aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak, Goierriko Aitor Chicok, Zatikako Joseba Irizarrek, Serinoskiko Ander Armenterosek eta Euskadi Low Costeko Unai Hurtadok parte hartu zuten.

Goierri kirol elkarteak eta Urretxuko Udalak urteak darama-tzate emakumezkoen kirola susta-tzen. Horren ondorioz, Goierriren saskibaloi sailak inoiz baino emakumezko gehiago ditu eta emakumezkoen boleibol saila sortu dute.

Iazko urte amaieran, guraso talde batek eta Goierrik emakumezkoen txirrindulari taldea sortzeko beharra ikusi zuten, inguru honetan ez baitzegoen talderik. Goierri kirol elkartekoak Urretxuko Udalarekin harremanetan jarri ziren eta honek hasieratik egitasmoa babesteko asmoa azaldu zuen. Udalak 8.800 euro jarri ditu taldearen sorrera bultzatzeko.