Trapujale Lezoko inauteriak udaletxeko balkoitik biziko ditu
- Jai Batzordeak azkeneko bileran inauteriak ospatzeko aukera dagoela erabaki zuen Lezoko Udalak deituta. Hori bai, jende pilaketa handiak saihestuko dira eta ondorioz, Trapujale taldeak ez du parte hartuko egitarauan.
Iazko Inauteriak bertan behera gelditu ziren, baina Trapujale udaletxeko balkoian izan zen. Aurten ere atalaia horretatik antolatutako ekimenak ikus ahalko ditu. Udalak herritarrei jai kutsua nabarmenagoa izan dadin, balkoietan egun bakoitzari dagokion koloreko zapiak jartzeko eskatu du.
Inauteriak Ostegunzurian, otsailaren 24an, hasiko dira Lezo Herri Eskolak trapujaleri egingo dion harrerarekin. Alabaina, ekitaldi gehienak Ostiralorian burutuko dira.
Honela, goizean Pasaia-Lezo Lizeoko eta Lezo institutuaren kalejirak izango dira. 17.30ean Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira aterako da, Murixkaren lokalean hasiera eta bukaera izango duelarik. 18.30ean Lezoko Euskal Dantzazaleen desfilea hasiko da Bekoerrota Kiroldegitik eta ondoren Zuberoako dantzak eskainiko dituzte Gurutze Santuaren plazan.
Larunbatgorrian eta Astelehenarrean, bi egunetan 17.00etan, kalejira izango da Eztandak taldearekin, Herri Eskolatik abiatuta.
Igandeubelean ez da ekitaldirik antolatu. Inauteriak martxoak 1ean amaituko dira Asteartebeltzarekin. 18.30ean Hiru Miku Ziriku ipuinaren aurkezpena burutuko da, Gezala Auditoriumean.