Azpeitian dagoen egoera aztertu ondoren Udalak osatu eta aurkeztu berri duen aurreneko Etxebizitza Planaren helburu nagusia argi dute: etxebizitzen funtzio sozialean sakontzea. Honek "azpeitiarren etxebizitza beharrei" erantzuteko jaio da eta hori lortzeko Udalak lau arlo ezberdinetan egingo du lan hemendik aurrera.

Nagore Alkorta alkateak eta Josu Labaka Hirigintza zinegotziak planaren nondik norakoak azaltzeko egindako agerraldian jakinarazi zutenez, Azpeitiko I Etxebizitza Planaren lan lerroak ondorengoak dira: "arreta pertsonalizatua, informazioa eta ahokularitza eskaintzea; etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairura bideratzea; babes publikoko etxebizitzen sustapena eta etxebizitza parkearen birgaitzea bultzatzea".

Azken batean, "plana etxebizitzak duen funtzio soziala" balorean jartzera datorrela azpimarratu zuten Udal agintariek.

Edonola ere, 2016an egin zuen Udalak aurreko etxebizitza beharren inguruko azterketa, eta hango beharrei erantzuteko helburuarekin egin dira Esklabak-Iturzuloko eta Alde Zaharreko etxebizitza publikoak.

Horiek ondo bidean, "azterketa eguneratzeko" momentua zela ikusi zuten: "Azterketa berria egin dugu, eta ondorioei erantzuteko datorren urteetan jorratu beharreko plana ere osatu dugu", azaldu zuen Labakak.

Alkateak, berriz, etxebizitza politikaren garrantzia nabarmendu zuen. Bere hitzetan, "etxebizitzak herritarren bizi kalitatean eragin zuzena du eta gizarte bazterketa ekiditeko tresna ere izan daiteke".

Tokiko erakundearen egitekoa herritarren bizi kalitatea eta bizi baldintzak hobetzea dela jakitun, Azpeitiko Udalak etxebizitza arloan dauden beharrak detektatu eta horiei erantzuteko "ariketa" egin du.

Azterketa berria gauzatzeko hiru iturri erabili ditu Udalak: "hainbat erakundetan jasotako datuak; emantzipatu gabeko 562 gazteri egindako galdetegia eta alokairuan bizi diren 126 herritarri egindakoa". Etxebizitza eskariari dagokionez, 2021eko ekainaren 1ean, 568 ziren Azpeitian etxebizitza bat eskuratzeko Etxebiden izena emanda zeudenak: "%44,4ak etxebizitza bat erosteko emana zuen izena eta %38,3k alokairurako".

Bestalde, 18 eta 35 urte arteko 2.854 gazte bizi dira herrian, eta horietatik %63,2a emantzipatu gabe daude. Gainera, "18 eta 24 urte bitarteko 1.116 gazte bizi dira eta %92a emantzipatu gabe dago.

"Datozen lau urteetan gazte horiei emantzipatzeko nahia edo beharra zaiela ikusten da, eta etxebizitza beharra sortzen joango da. Horrek etxebizitza politikan eskaintza jarraitu bat egitearen premia erakusten du", Labakaren esanetan. Gazteen %63k etxebizitza erostea nahi dute baina alokairuarako nahia ere gero eta nabarmenagoa da.

Edonola ere, galdeketari erantzun zieten gazteen %93k beren bizi proiektua Azpeitian eraikitzeko asmoa eta nahia ere adierazi dute.