- 2020. urtetik Udala Biziberritze Plana osatzen ibili da, Orioko aberastasun kulturala, soziala eta ekonomikoa suspertzeko xedearekin.

Arlo asko biltzen dituen ekintza-plana landu dute ordutik, eta egindako lanaren xehetasunak eta emaitzak herritarrei azaltzeko, saio irekia antolatu du Udalak, ostegun honetan. Arraunetxen izango da hitzordua, 19.00etan hasita, eta ezinbestekoa izango da asistentzia konfirmatzea. Izan, ere, covid-19a dela eta aforo muga jarri dute. Bertan parte hartu nahi duten herritarrek udal webgunean eskuragarri jarri duten formularioa bete beharko dute, aldez aurretik.

Esan bezala, 2020an ekin zioten proiektuari. Orduan, Orioko Udalak Biziberritze Plana osatzeko enkargua egin zion Kultur Atelier komunikazio enpresari. Orioren eta inguruaren analisia eginez abiatu zuten lana, eta plana osatzeko diagnosia egin zuten. Ondoren, profil ezberdineko 40 lagun elkarrizketatu zituzten (herritarrak gehienak), eta jasotako testigantzekin eta informazioarekin, lau urterako ekintza-plana prestatu dute.

Nolanahi ere, azaldu dutenez, plana ez da "tresna zurruna", eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera dute. Laster egongo da eskuragarri Udalaren webgunean.

Egitasmoaren abiapuntuan Orioko Turismo plana dagoen arren, herritarren beharrei erantzutea du helburu, eta, horretarako, hiru ardatz nagusiren gainean eraikita dago: jasangarritasuna, euskara eta errioa.